Reala izan nahi du

Nou Campen ez bezala, sailkapeneko eremu lasaira igoarazi duten dohainak erakutsi nahi ditu Realak gaur Santiago BernabeunMikel Aranburuk kolpea du ezker oinean, eta deialditik kanpo geratu da azken unean

Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Real Madril edo Bartzelona bezalako taldeen aurka jokatzen denean, erraza da iparra galtzea. Haien dohain ugariak nola edo hala ezerezean uzten saiatzen dira entrenatzaileak, hamaikakoarekin eta estrategiarekin. Jokalariek, berriz, Cristiano Ronaldo, Messi, Xavi, Ozil eta halako izarrak geldiaraztea dute helburu nagusi. Eta ahalegin horretan, Real Madril edo Bartzelonaren aurka jokatzen duten taldeei askotan gertatzen zaie nortasuna galtzea, euren dohainei etekina ateratzeaz ahaztea eta desitxuratuta gelditzea. Aurkariaren tamainak itsututa, nora ezean ibiltzen dira zelai gainean, ordura arte Ligan ondo egin duten guztia ahaztuta.

Martin Lasartek badaki hori. Horregatik erantzun zuen ondorengoa herenegun, gaurko norgehiagokari aurre nola egin behar zaion galdetu ziotenean: «Nire taldeak kezkatzen nau gehien. Gurea egiten badugu, Real Madril estu har dezakegu. Bartzelonan ez ginen geu izan. Geu izan behar dugu, gure gauza onekin eta txarrekin». Nou Campen gertatua buruan dute zaleek ere. Izan ere, orain bezala, oso egoera erosoan iritsi ziren txuri-urdinak, Sporting eta Athletic menderatu ondoren. Baina ez zuten batere itxura txukuna eman. Gerora ikusi ahal izan da ez dela arraroa Bartzelonan 5-0 galtzea, baina emaitzaz haratago, erraztasun gehiegi eman zituen Realak.

Argi dago Real Madril ez dela Bartzelona, jokoari erreparatuta gehienbat, baina bere zelaian Ligako talderik onena da. Jokatutako hamar norgehiagokak irabazi ditu. Jose Mourinhok urteak daramatza etxean partida bat galdu gabe, bere taldeei ezartzen dien sendotasunaren seinale. Osasunak Real Madrili irabazi izanak itxaropena piztu du. Anoetan lanak eman zizkion Realak, eta gutxienez puntu bat lortzea merezi izan zuen. Baina ez da komeni partida hari garrantzi handiegia ematea, etxean edo kanpoan jokatzeak ez baitu zerikusirik aurkaria Real Madril denean. Euskal Herriko zelaietan estu hartzen dute. Hazita aritzen dira zaleak, eta kemen horrek bultzatuta jokalariak.

Hamar puntura ditu jaistekopostuak Realak. Batek baino gehiagok esango du asko duela irabazteko gaur eta gutxi galtzeko. Baina hobe mezu hori ez barneratzea. Izan ere, azken urteetan, taldeari kosta egin zaio itxurarik onena ematea presioaren akuilua izan ez duenean. Bere burua estuegi ikusi ez duenean, lehiakortasuna galdu du. Ilusioari heldu behar diote jokalariek. Santiago Bernabeun jokatzea amets bat betetzea da. Iaz ahanzturan bizi zenak mundua begira izango du gaur. Momentua aprobetxatu behar dute.

Mikel Gonzalez, atzeko lerrora

Llorente eta Ifranen hutsuneak zituen Lasartek, eta atzo, azken orduan, Aranburu galdu zuen. Kolpea du ezker oinean. Azkenaldian hasieratik gutxiago ari zen jokatzen, baina galera handia da, gaurkoaren gisako makina bat partida jokatu duelako, eta taldekideei lasaitasuna emateko baliabide garrantzitsua delako. Ez dirudi Lasartek joko sistema berrituko duenik, ez delako batere ohikoa hark hori egitea. Edonola ere, baliteke atzeko lerroa Mikel Gonzalezekin indartzea.

Real Madrilek partida gogorra izan zuen asteazkenean Sevillaren aurka, eta baliteke nekea nabaritzea. Sevillak estu hartu zuen, baina Real Madrilen eraginkortasuna gailendu zen. Hala ere, ikusleek behin baino gehiagotan egin zioten txistu. Real Madril Mourinhoren taldeen ezaugarriak hartzen ari da pixkanaka. Oraindik ezin da alderatu garai bateko Chelsearekin. Hura bezalako suitzar erloju bat izateko asko falta zaio. Baina baloirik gabe lan handia egiten du, eta kontraerasoan erabakigarria da, Ozil, Cristiano Ronaldo eta halako izarrak edukitzeaz gain. Dena den, Higuainen hutsunea nabaritzen ari da, eta Xabi Alonso azaltzen ez denean, arriskua galtzen du. Tolosarrari ezingo dio begirik kendu Realak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.