Ligako azken partida jokatuko du bihar Realak; Championsa du jokoan. Eta horretarako, 21:00etan Riazorren Deportivo garaitzea izango du helburu. "Garaipen handia lortzeko itxaropena daukagu eta zoragarria litzateke laugarren postua berreskuratzea", adierazi du Philippe Montanierrek. Baina arerioak ere badu irabazteko arrazoi nahikoa, hori egin ezean Bigarren Mailara jaitsiko baita.
Hala ere, garaipena ez da nahikoa izango Realak laugarren postua lortzeko. Valentzia du aurretik, bi puntura, eta hark ere irabaziko balu donostiarrak bosgarren postuan geratuko lirateke. Hori ez gertatzea da Galiziara bidea hartu duten 1.000 realzaleen nahia, baita Montanierrena ere: "Atsekabea eragingo dit bosgarren amaitzeak". Hala ere, taldeak denboraldian izan duen hobekuntzak "satisfazioa" eragiten diola nabarmendu du. Bihar laugarren postua lortzen saiatuko direla esan du, badaki zaila dela, baina dituen jokalariekin dena dela "posible" uste du.