Espainiako Kopan lehenengo, eta ligan ondoren. Lau eguneko tartean bi kolpe handi hartu ditu Realak. Vila-real nagusi izan zen asteazkenean, eta, 2-2koarekin, valentziarrek eroso antzean egin zuten aurrera Kopan. Gaur, berriz, Rayo Vallecanok utzi du Reala jota, Manuchok 81. minutuan korner batean sartutako golarekin. Aukera eta joko askorik gabea izan da partida, 0-0 amaitu beharrekoa, baina 0-1 galduta, egoera zailean geratu dira orain donostiarrak. Burua altxatzeko partida arriskutsua daukate, gainera, hurrengo asteburuan, etxean berriz ere, Eibarren aurka (larunbatean, 22:00etan).
Partida hastearekin batera nabaritu da Rayo erosoago zegoela zelaian. Arrisku handirik sortu gabe ere, madrildarrek izan dute baloia oinetan lehen minutu horietan. Trashorrasi pentsatzeko denbora emanez, Realak nahikoa lan izan du lehen ordu laurdenean, baina etxekoena izan da lehen aukera ona. Agirretxek jokaldi ona egin du area barruan, eta Toñok gelditu du usurbildarraren errematea. 29. minutuan ere aurrelariak egin du errematea, Canalesek ezker hegaletik egindako erdiraketa zuzenean errematatuta. Lau minutu geroago Abdoulaye Bak egindako penaltia eskatu du Velak, baina epaileak ez du ezer adierazi —bigarren zatian ere beste penalti bat eskatu du mexikarrak, argiagoa—. Lehen zatiko azken minutuetan, ordea, bi pauso aurrera eman dituzte madrildarrek, eta arrisku handia sortu dute. Trashorrasen bi jaurtiketatan lehenengo; Buenoren burukadan gero; eta Manuchok huts egin duen aukera argi-argian azkenik. Baloiari sareetara bultza besterik ez zion egin behar Rayoko aurrelariak, baina bere buruarekin trabatu da.
0-0ekoarekin, partida hautsi egin da bigarren zatian. Zelai erdiko kontrolik gabe, kontraerasoa bilatu dute bi taldeek, eta etxekoenak izan dira aukera argienak. Agirretxek eduki ditu bi aukera on, bi jaurtiketarekin. Ordurako Markel Bergara eta Aritz Elustondo aldageletan zirela, eta Xabi Prieto eskuin atzelari faltsu gisa jokatzen ari zela iritsi da Rayoren gola, 81. minutuan. Trashorrasek kornerra atera, eta Manuchok burukada onarekin lortu du 0-1ekoa. Kito. Berdinketa lortzeko aukerarik sortu ezinik, noraezean amaitu du Realak partida. Granadaren aurka azken berdinketaren gola jasota eta Rayoren aurka galduta, gainbehera arriskutsuan da Reala.