REALA

Realak 1-0 galdu du Leganesen aurka

Nagusi izan da lehen zatian, eta gol aukerak izan ditu, baina ez du gola egitea lortu. Bigarren zatian ordaindu egin du.

David Zurutuza Realeko erdilaria Leganeseko Ezequiel Muñozen aurrean baloia babesten, gaur, Butarque estadioan. VICTOR LERENA, EFE
2018ko urtarrilaren 7a
17:20
Entzun

Ez du ongi hasi urtea Realak ligan. Leganesen aurka 1-0 galdu du talde gipuzkoarrak, eta ihes egin dio Europako sailkapen postuetara gerturatzeko aukerak.

Partidako lehen aukera etxekoentzako izan da. Gabrielek jaurtiketa gogorra egin du atera, eta ongi erantzun dio Rullik. Aldiz, jokoaren kontrola Realarena zen eta atsedenaldira iritsi aurretik gola egiteko hainbat aukera izan ditu. William Josek Odriozolaren erdiraketa on bat errematatu du Leganesen atetik oso gertu, eta Illarramendik area kanpotik jaurtiketa ederra egin du. Bietan, ordea, geldiketa onak egin ditu Leganeseko atezainak. Golik sartu gabe joan dira jokalariak aldageletara atsedenaldian.

Bigarren zatiaren zatian, Leganesek jarrera erasokorragoa erakutsi du, eta Realak ez du lortu jokoaren kontrola eskuratzea. Realeko jokalari ohi Zalduak arriskua sortu du esuin hegaletik. Jaurtiketa egin du landutako jokaldi baten ostean. Handik minutu gutxira, langara joan zaio buruz egin duen errematea.

Partidako gol bakarra 75. minutuan iritsi da. Albotik falta jaurtiketa atera du Leganesek, erdiraketa moztera gaizki atera da Rulli, eta Gabrielek atera sartu du espero ez zuen baloia.

Reala berdinketaren bila atera da, baina Leganesek sortu du talde gipuzkoarrak baino arrisku gehiago, eta bigarrena egiteko aukera izan du.

Azkenean, punturik gabe amaitu da partida Realarentzat, eta Europako postuak pixka bat urrunago izango ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.