Ondo jokatu gabe, baina aurrera. Realak hirugarren partida irabazi du jarraian gaur Anoetan, eta sailkapenean gora jarraitzen du. Bolada ona eten zitekeela zirudien gaur Anoetan, Kordoba aurreratu baita markagailuan, baina hiru jokalari gutxigoarekin amaitu dute partida espainiarrek (Pantic, Iñigo Lopez eta Pinillos), eta Realak ez du barkatu.
Panticek 5. minutuan ikusi du txartel gorria, Agirretxeri heltzeagatik; azken atzelaria zen, beraz, bidezkoa izan da kaleratzea. Hamarren kontra, ordea, ez dute baliatu aukera txuri-urdinek. Joko eskasa eta gola egiteko gabezia erakutsi dute, eta euren zaleen txistuak entzun behar izan dituzte jokalariek.
Kordoba azkena da sailkapenean, eta emaitza on baten bila zelairatu da. 11. minutuan sartu du gola. Horrek Reala noraezean utzi du, eta espainiarrak bigarren gola egiteko zorian izan dira. 30. minututik aurrera, ordea, txuri-urdinek inguratu egin dute Kordoba, eta Agirretxek berdinketaren gola egin du 33.ean.
Bigarren zatia ez da ona izan, ordea. Bazirudien Kordobak nahikoa zuela berdinketarekin, eta Reala ez zegoen eroso. Vela zelairatu da eta horrek bizitasuna eman dio partidari. Chory Castrok sartu du Realaren bigarren gola, baina, Agirretxerengandik baloia jaso ostean.
Epaileak Lopez kaleratu ostean, aukerarik gabe geratu da Kordoba, eta 90. minutuan Finnbogasonek hirugarren gola sartu du. 90. minutu horretan kaleratu du epaileak Pinillos.