Reala

Realak 3-2 irabazi dio Leganesi, Prietoren eta Martinezen agurrean

Anoetak omenaldi hunkigarria eskaini die Xabi Prietori eta Carlos Martinezi partidaren ostean. Oiartzabalek, Canalesek eta William Josek (penaltiz) egin dituzte txuri-urdinen golak.

Mikel Oiartzabal Realeko aurrelaria, Legaesen kontrako partidako lehen gola ospatzen, gaur, Anoetan. JUAN HERRERO, EFE
2018ko maiatzaren 12a
08:11
Entzun

Omenaldi hunkigarria egin diote Xabi Prieto Realeko jokalariari Anoetan, etxean jokatuko duen azkeneko partidan. Realarekin partida gehien jokatu dituzten bost jokalariak elkartu dira berdegunean: Gorriz, Zamora, Arkonada, Larrañaga eta Prieto bera, Jokin Aperribai Realeko presidentearekin batera.

Prieto "oso harro" azaldu da Realeko jokalari izateagatik eta eskertu egin du zaleen, taldekideen eta klubaren jarrera. "Beti gora Reala!" ohikatuz amaitu du bere hitzladia. Segidan, kapitain arduraren lekukoa eman dio Illarramendiri.

Xabi Prietok eta Carlos Martinezek ohorezko itzulia eman diote Anoetari zaleen txalo artean. Itzuliaren ondoren, haien familiekin eta taldekideekin batera zelai erdian zirela, Agur jaunak abestu die Anoetak.

Omenaldiaren aurretik, neurketan ere izan dira Prietorentzako eta Martinezentzako esker keinuak. Realeko jokalariek Prietoren irudia eraman dute elastikoan, eta 2. eta 10. minutuan zaleek txalo zaparrada eskaini diete zenbaki bereko dortsala duten bi jokalariei.

Partidan, nagusi

Nagusitasunez hasi du partida Realak Leganesen aurka. Bisitarien zelaian jokatu dituzte lehen minutuak eta lehen gol aurkerak txuri-urdinek sortutakoak izan dira. 18. minutuan, lehen gola egin du Realak. Juanmiren jaurtiketa baten aldaratzea sareetara bidali du Oiartzabalek.

Minutu gutxira, Canalesek egin du etxekoentzako bigarrena. 26. minutuan, William Joseren pase on bat baliatu du Canalesek, Leganeseko atezainaren aurrean, buruz-buruz, 2-0ekoa egiteko.

Berehala murriztu du aldea Leganesek, baina. Minutu eskas batera, Guerrerok area barruan eman dio baloia Diego Ricori, eta honek Leganesen lehenengoa egin du.

2-1ekoarekin iritsi da partida atsedenaldira. Bigarren zatian, neurketa berdintzea lortu du talde bisitariak. Diego Ricoren erdiraketa bat ez du urruntzea lortu Realaren defentsak eta Guerrerori iritsi zaio area barruan. Honek ez du barkatu.

76. minutuan, berriz, penaltiz jarri du berriz ere aurretik Reala William Josek. Ligako bere 15. gola du.

Xabi Prieto 82. minutuan zelairatu da, eta Anoetan bildu diren ia 20.000 zaleek harrera beroa egin diote. Berdin egin dute jarraitzaileek Carlos Martinezekin, 87. minutuan zelairatu denean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.