FUTBOLA

Realak azken unean irabazi dio Bartzelonari (3-2)

Liderrak aurreneko partida galdu du, ligan, denboraldi honetan. 0-2 aurreratu dira kataluniarrak ordu erdia bete baino lehenago, baina txuri-urdinek ez dute amore eman. Castrok sartu ditu lehen bi golak, eta Agirretxek hirugarrena, Carlos Martinezen erdiraketa neurtua baliatuz. Bartzelonak bat gutxiagorekin jokatu du ia bigarren zati osoa, epaileak Pique kaleratu duelako.

Igor Susaeta.
2013ko urtarrilaren 19a
20:22
Entzun

Hartara, aurreneko 25 minututan ezinezkoa zirudiena gertatu da Anoetan. Izan ere, hasieran jaun eta jabe izan dira Tito Vilanovak entrenatutakoak. Realaren atzeko lerroak zelai erditik gertu jokatu du, eta horrek atzelarien eta Claudio Bravoren artean metro asko egotea eragin du. 25 metroren barruan ordena handiarekin presionatu dute Realeko jokalariek osatutako lau jokalariko bi lerroek, baina ez diete kontrarioe kosk egin. Hortaz, atzelari txuri-urdinen bizkarrera baloiak eroso antzean bidaltzen hasi Xavi, Iniesta, Cesc eta enparauak. Horietako batean, Messi lehen gola sartzekotan egon da.

Hurrengo jokaldian gauzatu du, ordea, Bravok aldaratze batean egindako hutsa probestuz. Iniestak Cesci, horrek pasatzen utzi, eta argentinarrak barrura ezkerrez, baloiari gurpila emanez. Realeko erasoko jokalariek sustoren bat edo beste eman diote Bartzelonakoei baloia Valdesen areatik gertu lapurtuz, baina bigarren gola Pedrok sartu du. Xaviri pentsatzeko nahi adina denbora eman dio Markelek, eta kataluniarrak luze pasatu dio baloia Alvesi. Brasildarrak erdiratu, eta Pedrok, area txikiaren barruan errematatuz, barrura.

Orduan apur bat erlaxatu da Bartzelona, eta Reala ere grogi geratu da hurrengo minutuetan. Baina lehen zatia amaitzear zela, Griezmannek baloi bat borrokatu eta irabazi du buruz, Velak kontrolatu du, horrek ezkerrera ireki du area ertzean, eta uruguaitarrak sareetara, ezkerrez, errematea ederki gurutzatuz. 1-2.

Atsedenalditik bueltan, lehen 15 minutuetan, Realak estu hartu du Bartzelona. Apur bat gorago presionatu du, eta gainera zentzua eman dio jokoari. Halako batan, epaileak Piqueri bigarren txartel horia atera dio, Vela zangotrabatzeagatik. Handik minutu batzuetara, Castrok korner bateko aldaratzea baliatu du, ezkerrez kontrolatu ondoren eskuinez sareetara bidaltzeko. Mascheranoren gorputzean jo du baloiak,eta horrek Valdes despistatu du.

Esfortzuak bi taldeei eragin die, baina Bartzelonak partida kontrolpean eduki du hurrengo 20 minutuetan, erasoko jokoa Iniestaren bizkar zamatuz. Realak fedea eduki, ordea, eta azken minutuetan garaipena ia pentsaezina lortu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.