Gora begira jarraitzen du Realak beste astebetez, atzo Zaragozan irabazi eta gero. Txuri-urdinak 1-2 nagusitu ziren etxekoen aurka, eta Europako postuetatik puntu bakarrera jarraitzen dute.
Lehen zatian hartu zuten abantaila donostiarrek. 11. minutuan egin zuen Antoine Griezmannek 0-1ekoa, eta 32. minutuan sareratu zuen baloia Agirretxek. Ordurako, bat gehiagorekin ari zen Reala: 22. minutuan, txartel gorria ikusi zuen Hectorrek, eta partida kontrolpean izan zuten txuri-urdinek. Apoñok egin zuen Zaragozaren gola penaltiz, azken minutuan.
Athleticek, ordea, ez zuen atzokoan izan azken partidetan erakutsitako itxura ona. Erraztasun gehiegi eman zituen atzealdean, eta 0-4 galdu zuen Espanyolen aurka San Mamesen. 28. minutuan egin zuen lehen gola Hector Morenok, buruz; jokaldian ez ziren fin ibili Iraizoz eta Aurtenetxe. Bigarren zatian erabaki zuten partida kanpokoek, 57. eta 58 minutuetan bi gol sartuta. Verduk egin zuen laugarrena 75. minutuan, penaltiz.
15. postuan da Athletic, 26 punturekin. Sei puntura ditu jaitsiera postuak, eta 11ra, berriz, Europakoak.