Futbola

Realak berdindu egin du Espanyolen aurka

Jokoan nagusitasuna azaldu du etxeko taldeak, baina akatsak garesti ordaindu ditu. Willian Josek egin du Realaren gola.

jon eskudero
2016ko irailaren 9a
23:03
Entzun

Soilik hiru jardunaldi igarota, emaitza guztiak ezagun ditu jada Realak. Galdu egin zuen ligako lehen jardunaldian, Real Madrilen aurka, eta irabazi bigarrenean, Osasunaren kontura. Bada, berdinketa falta zitzaion, eta gaur urratu dute puntu bat txuri-urdinek, Espanyolen aurka. Egia da emaitza okerragoa ere izan zitekeela, Espanyol aurretik joan baita azken txanpara arte. Ordea, hasieratik bukaerarako hausnarketa eginda, hiru puntuak eskuratzeko aukera ederra galdu du Eusebioren taldeak. Espanyol baino askoz gehiago ez da izan, baina irabazteko adina  meritu egin du. Halaber, Anoetan irabazi gabe jarraitu beharko du, zaleen disgusturako.

Bi taldeetako entrenatzaileek aurrez iragarritako jokoa izan du lehen zatiak. Etxekoek hartu dute jokoaren ekimena, eta baloia hanketan luzaroan edukitzea izan dute xede. Intentsitatea eta nahia azaldu ditu taldeak, baina beste erritmo bat falta izan du. Beste abiadura bat. Sakontasunik topatu ezinda ibili da une oro, eta Juanmi soilik saiatu da erasoan zerbait egiten. Espanyol, bere aldetik, eroso sentitu da, kontraerasoaren zain. Ordena mantendu eta itxarotea aski izan du ez sufritzeko.

Hortaz, bi entrenatzaileen jarrera arrunt ezberdina izan da aulkietan. Gustura zegoen Quique Sanchez Flores, bazekien eta hori zela hark nahi zuen jokoa. Eusebio, berriz, gutxitan bezala egon da: sututa. Reala ez zen gaizki ari, ezta gutxiago ere, baina akats soil bat egitea aski izan zezakeen gola jasotzeko. Hegaletako jokalariak oso zeuden irekita, eta barruko aldean baloi bat galduz gero, Espanyolek min egingo zuela jakina zen. Horregatik, aholkuak eman eta hori aldatzen saiatu da txuri-urdinen entrenatzailea.

Nabaritu dira Eusebioren aldaketak. 30. minutuan partidako  lehen jokaldi arriskutsua osatu baitu Realak. Elkarren segidan, hiru aldiz egon da gola egitetik gertu, baina alferrik. Halere, horixe zen bide egokia. Hala, geroago Iñigo izan da protagonista. Pardoren erdiraketa bikain bat errematatzeko zorian izan da, baina Diego Lopez atezainak buru ondotik kendu dio baloia. Lehen zatiko monologoa apur bat aldatu da azken minutuetan.

Beraz, bigarren zatiari era horretan ekitea zen donostiarrek egin zezaketen gauzarik onena. Ez da aldaketarik izan bi hamaikakoetan, eta etxekoak hobeto hasi dira. 46. minutuan, Zalduak erdiratu eta buruz aukera ona izan du Oiartzabalek. Ozta-ozta ez da nahi bezala iritsi. Halere, ordura arteko aukerarik garbiena Illarramendik izan du, 51.ean. Areaz kanpotik egindako jaurtiketa bikaina justuagatik joan da kanpora. 54.ean, berriz, Juanmik gola egin du, baina legez kanpokoa. Jokoz kanpo zegoen aurrelaria.

Gola, akats baten ondorio

Reala ondoen zegoenean iritsi da Espanyolen gola. Ezerezetik, gainera. Huts handia egin dute atzean zeuden jokalariek baloia ateratzerako garaian. Azkenean, Juanmik eman du pase okerra, eta kataluniarrek ez dute barkatu. Piattik baloia area kanpoan hartu, eta maisuki bidali du Rulliren ate barrura. Gol horrek min egin dio Eusebioren taldeari. Halere, saiatu da fruituak lortzen, eta azkenean 78. minutuan jaso du saria. Zalduaren erdiraketa eskas bat ezin hobeto amaitu du Willian Josek. Indartsu jo du buruz, eta geldiezin gertatu zaio Diego Lopezi.

Azken ordu laurdenean Realak gehiago merezi izan du garaipena, baina bizpahiru kasutan gola gertu eduki arren, berdinketarekin konformatu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.