Realak erabateko lasaitasuna lor dezake gaur Malagan irabazten badu. Garaipena lortuz gero eta Zaragozak egiten duenaren arabera, 11 punturen aldea ireki dezake jaitsiera postuekiko liga bukatzeko sei jardunaldi falta direnean. Horrek, baina, ez du esan nahi txuri-urdinak larri dabiltzanik; hala ere, ez da giro zaleen artean. Betisen aurkako azken ordu erdian irudi kaskarra eman zuen taldeak, eta zale askok Philippe Montanierren dimisioa eskatu zuten Anoetan. Masa kritiko horren iritzia gozatzeko aukera ona izan daiteke gaurkoa, Malaga laugarren sailkatua delako.
Realak La Rosaledan jokaturiko azken bost partidetatik lau irabazi ditu, eta lehen itzulian 1-0 irabazi zion Malagari. Estatistikak dio ondo hartua diola neurria aurkariari. Emaitza bolada ere baikorra izateko modukoa da, Realak bost puntu lortu baititu azken hiru partidetan. Sasoi honetako partidak balio du erreferentzia moduan, ez ordea aurrekoetakoak, Malagak denboraldi honetan maila handiko fitxaketak egin baititu, eta Txapeldunen Ligan sartzeko lehian dabil bete-betean.
Malaga talde indartsua da etxean; hiru partida galdu ditu bakarrik, Bartzelona, Real Madril eta Betisen aurka, eta bi berdindu. Beste guztietan hirunaka bildu ditu puntuak. Montanierrek Mikel Aranbururen hutsunea izango du gotorlekua eraisteko, eta Claudio Bravo atera itzuliko da. Aurrean, Mikel Gonzalezek eta Jon Ansotegik osatuko dute berriz erdiko atzelari bikoa, eta, etxetik kanpoko azken partidetan bezala, litekeena da jokalaririk aurreratuena Carlos Vela izatea.
Malagak ere izango ditu hutsuneak. Kameni lehen atezaina zigortuta dago, eta Caballero, bigarrena, min hartuta. Hala, Ruben bigarren taldeko atezaina ariko da hasieratik. Erdiko lerroan, berriz, Demichelisek Dudaren tokia beteko du. Manuel Pellegriniren taldea bizkarrekoa hartu berria da, azken jardunaldian Vila-Realen aurka galdu zuelako 0-1 irabazten joan ondoren. Irabazi izan balu, hirugarren sailkatu litzateke, Valentziaren aurretik.
Realak erabateko lasaitasuna lor dezake Malagan
Aranburu ez da sartu deialdian, eta litekeena da Gonzalez eta Ansotegi izatea erdiko atzelariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu