Futbola

Realak eta Athleticek Euskal Herriko Kopako finala jokatuko dute bihar

Partida 18:15ean izango da Irungo Gal estadioan. Sarrerak salgai daude, bost eta hogeita hamar euro artean.

David Zurutuza Realeko jokalaria eta Iñigo Lekue Athleticekoa, baloia lortzeko borrokan, izako abenduan Bilbon jokatu zuten derbian. MARISOL RAMIREZ, FOKU
2018ko abuztuaren 3a
12:44
Entzun

Realak eta Athleticek denboraldiko lehen partida jokatuko dute bihar elkarren artean, Irunen (Gipuzkoa). Ez da lagunarteko hutsa izango; bigarren Euskal Herriko Kopa izango dute jokoan, Euskal Herria Kirola elkarteak antolatuta. Espainiako ligan euskal taldeen artean jokatutako partidetan puntu gehien lortu dituzten bi taldeek lortzen dute finala jokatzeko aukera.

Hauxe izan da 2017-2018 denboraldiaren amaierako sailkapena:

Irudia: www.ehkirola.eus

Iaz, Athleticek eta Alavesek jokatu zuten lehen Kopako finala, Barakaldoko Lasesarre futbol zelaian (Bizkaia). Partida txapeldunik gabe amaitu zen, ordea, epaileak partida bertan behera utzi baitzuen 90. minutuan, emaitza binakoa zela, zelaian sortu ziren liskarrengatik.

Aurten, lehenengo txapelduna izango du, beraz, Euskal Herria Kopak.

Sarrerak www.ehkirola.eus webgunean lor daitezke Internetetik, baita Realaren Donostiako dendetan, Athleticen Ibaiganeko bazkidearen bulegoan eta Irungo Gal estadioan ere. Txartelak bost euro balio du 16 urtetik beherakoentzat, hamar euro harmailetan, hogei hegaletan, eta hogeita hamar palkoan.

Euskal Herria Kirola elkarteak 1976an Inaxio Kortabarria (Realeko jokalari ohia) eta Jose Angel Iribar (Athleticeko atezain ohia) aurrenekoz ikurrinarekin zelairatu zireneko argazkia aukeratu zuen jokatuko den finalaren ikur gisa. Hala jakinarazi zuten uztailaren 17ko aurkezpen ekitaldian. Izan ere, Kike Zurutuza Euskal Herria Kirola elkarteko arduradunak jakinarazi zuen "Euskal Herria eta kirola" uztartzea dela txapelketaren asmoa. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.