Neurketa hasi eta berehala egin du Realak 0-1ekoa, lehen zatiko laugarren minutuan. Januzajek baloi bat berreskuratu du, eta pase ederra egin dio Oiartzabali, hark gola sar zezan. Indarra eman dio golak Realari, baina, 0-2koa gertu zegoela zirudienean, banakoa egin du Sevillak. Nolitok sartu du gola, 18. minutuan.
Atsedenetik bueltan, Sevillak asmatu du kolpea azkar ematen. 2-1 jarri da aurretik, 47. minutuan. Ocampok jaurtiketa indartsu batekin zulatu du Moyaren atea. Imanolek aldaketak egin ditu, erasoa indartu eta berdinketa lortzen saiatzeko; Portu eta Isak zelairatu ditu. Berriro ere Sevillak asmatu du, ordea. 80. minutuan, Moyaren aldaratze bat baliatu du Vazquezek, 3-1ekoa egiteko.
Realak, baina, ez du etsi, eta Portuk azkenera arte eutsi dio puntu bat lortzeko aukerari. Odegaarden pase bat jaso, eta Realaren bigarrena egin du aurrelariak. Txuri-urdinek ezin izan dute hirugarrena sartu, eta esku hutsik itzuli dira Sevillatik.
Realak sailkapeneko lehen postutik bosgarrenera egin du behera, eta, 13 punturekin, berdinduta dago Bartzelonarekin eta Sevillarekin.