Azaroaren 3tik ez zen jokatu lehen mailako norgehiagokarik, futbolariek deitutako grebaren ondorioz. Itzulera, ordea, ez da gozoa izan Realarentzat, Taconen aurka 3-1 galdu baitu. Madrildarrak azken aurreko postuan ziren sailkapenean, 24tik bost puntu eskuratuta, Realak baino zazpi gutxiago. Beraz, Reala bolada txarrari buelta eman ezinda dabil. Azken jardunaldian Sevilla mendean hartu zuen arren, lau puntu besterik ez ditu lortu azken bost partidatan.
Partida hasi eta berehala aurreratu da Tacon, bederatzigarren minutuan. Jessica Martinezek sartu du gola, ongi gauzatutako falta jaurtiketa bati esker. Lehen zatian hobeto aritu da etxeko taldea, baina 37. minutuan partidua berdintzea lortu dute txuri-urdinek. Kiana Palacios aurrelariak area barruko alderatze bat aprobetxatu du banakoa jartzeko.
Atsedenaldiaren ostean, berriz ere Tacon erasora. Hiru minutu besterik ez ditu behar izan Madrilgo taldeak bigarren aldiz aurretik jartzeko. 2-1 markagailuan. Chioma Ubogagu izan da goleatzailea, Tacon taldeak udan eginiko fitxaketetako bat. Realak izan ditu aukerak binakoa ezartzeko, baina ez dute asmatu ate aurrean. Gauzak horrela, kontraerasoan iritsi da Tacon Quiñonesen atera, eta Sofia Jakobssonek sartu du hirugarrena, atezainari izkin egin ostean.