Realak galdu egin du Real Madrilen aurka, epaileak baldintzatutako neurketa batean

Donostiarrak gehiago izan dira partidako bigarren zatian, eta galtzeko moduko partida egin ez badute ere, Estrada Fernandezen hiru erabakik maldan gora jarri diete partida txuri-urdinei.

Real Madrileko jokalariak, Karim Benzemak egindako gola ospatzen. Zurien bigarren gola egin zuen aurrelari frantziarrak. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko ekainaren 22a
00:24
Entzun

Kontuak kontu, esku hutsik. Realak irabazi ezinik segitzen du, eta galdu egin du etenaldiaren osteko hirugarren partidan (1-2). Jokoan izan dituzten bederatzi puntuetatik bakarra eskuratu dute txuri-urdinek, eta horrek urrundu egin ditu Txapeldunen Ligako postuetatik. Real Madril adina izan dira partidan, baina ez dute saririk jaso.

Garaipenaren bidean jartzeko gogotsu ziren Imanol Alguacilen jokalariak, eta astean zehar Real Madrilen hamaikakoa goitik behera aztertu dute Zubietan. Hamabigarren bat izan da partida baldintzatu duena, ordea: Estrada Fernandez epailea. Haren erabakiek espainiarren aldera okertu dute balantza; zalantza asko sortu dituen penalti batek egin dio bide markagailuan aurretik jartzeko, eta, behin abantaila hartuta, Realari ezerezean utzi dio Adnan Januzajek egindako gola. Handik gutxira, berriz, zurien bigarrena sartu du Benzemak. Aurrelari frantziarrak baloia eskuarekin ukitu duela kexatu dira Realekoak, baina epaileak ontzat eman du, VAR-ean aztertu eta gero.

Oro har, partida itxia jokatu dute bi taldeek. Baloiaren jabe izateko borrokan aritu dira, eta horrek urrundu egin ditu bi areetatik. Realak hobetu egin du azken bi neurketetan emandako itxura, eta Real Madrilekin lehian ibili da partidaren gidaritza nork hartuko. Lehen zatian, ez batak eta ez besteak ezin izan dute aurkariaren atea zulatu, eta hutsean joan dira aldageletara.

Bestelako itxura izan du bigarren zatiak. Ordura arteko espainiarren jokalari onenak, Vinicius Juniorrek, jokaldia egin du ezker hegaletik, eta jausi egin da arean barruan. Diego Llorenteren penaltia adierazi du epaileak, eta Sergio Ramosek ez du aukera igarotzen utzi: 0-1ekoa egin du.

Behin markagailuan atzetik zela, Realak ez du bazter utzi berdintzeko asmoa, eta neurketan egindako jaurtiketa bakarrenetakoa sarera bota dute gipuzkoarrek. Taldearen bizigarri izan den Adnan Januzajek area kanpotik egindako jaurtiketa bat ate barrura joan da, baina Estrada Fernandezen ustez jokaldian parte hartu du Mikel Merinok, nahiz baloirik ukitu ez, eta haren jokoz kanpoko bat adieraziz ezerezean utzi du indarrak orekatuko zituen gola.

Hori gutxi ez, eta 70. minutuan iritsi da Realaren asmoak hondoratu dituen gola. Karim Benzemak gola sartu du, baina jokaldi horretan baloia ukitzeko erak zalantza asko piztu ditu; besoarekin edo sorbaldarekin ukitu duen: interpretazio kontua. Epaileak balekotzat eman du, eta Real Madrilen intereseko izan da erabakia. Partidan zehar halaxe izan dira gehienak.

Txuri-urdinak saiatu dira partidaren hondarrean aldeak murrizten, eta Mikel Merinok egindako gol batekin lortu dute desabantailea txikitzea. Azken minutuetan saiatu diren arren, ordea, ezin izan dute bigarren gola egin, eta punturik ez dute urratu Real Madrilen aurka.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.