2015-16 sasoiari zapore gozoa eman nahi dio Realak azken partidetan, jokoan ezer ez badu ere. Denboraldiko Anoetako azken partidan, txuri-urdinak 2-1 nagusitu dira madrildarren aurrean, eta golegileak dira realzalearen itxaropena pizteko heldulekua: Oiartzabalek eta Bautistak egin dituzte etxekoen golak.
Lehen zatian aurreratu da markagailuan talde txuri-urdina. 12. minutuan, Oiartzabalek egin du etxekoen lehen gola. Eibartarra izan da Realaren albiste onena amaitzear den sasoian, indartsu sartu baita lehen taldean. Bigarren zatia hasi berritan, Bautistak Realaren kontraeraso bat amaitu du baloia sareratuz.
Rayok jaitsiera zuen jokoan, eta 69. minutuan 2-1ekoa egin du Javi Guerraren bidez. Epaileak txartel gorria erakutsi dio Granerori eta hamar jokalarirekin geratu dira donostiarrak, baina markagailua ez da mugitu.
Bederatzigarren postuan da Reala, 45 punturekin. Valentziaren zelaian amaituko du sasoia.