Realak gertuago ditu Kopako finalerdiak

Talde txuri-urdinak 3-1 irabazi dio Racingi Anoetan, eta ondo bideratu du sailkapena.

2014ko urtarrilaren 22a
21:50
Entzun

Gertu du Realak hogeita sei urte geroago Espainiako Kopako finalerdiak jokatzea. Ezustekoa litzateke talde txuri-urdinak aurrera ez egitea. Izan ere, 3-1 irabazi dio Racingi Anoetan final-laurdenetako joanekoan. Itzulikoa falta da jokatzeko, datorren ostegunean 21:00etan Santanderren (Espainia) jokatuko dena, baina ez dirudi neurketa horrek kanporaketaren nondik-norakoa aldatuko duenik.

Baikor egoteko arrazoi bat dago: Reala Racing baino gehiago da. Hori jakina zen, Donostiako taldea Lehen Mailan baitago, eta Santanderkoa bi koska beherago, Bigarren B Mailan. Hala ere, ez zen izango txuri-urdinak Kopan maila askoz apalago baten aurka lotsagarri geratuko ziren lehen aldia. Ez dirudi oraingoan hori gertatuko denik. Reala nagusi baita, nahiz eta Racing azkeneraino borrokatuko den.

Realak bikain hasi du partida, lehen ordu erdian jada bi gol sartu baititu, biak Mikel Gonzalezek, bata laugarren minutuan eta bestea ordu erdia beteta zegoenean. Bigarren zatian beste gol bat sartu du, Velak, 61. minutuan, kanporaketa ia erabakita uzten zuena. Baina Konek 83. minutuan sartutako golak emozioa eman dio partidari eta kanporaketari. Hala ere, Realak dena du alde finalerdiak jokatzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.