Futbola

Realak gertuago du Txapeldunen Liga

Talde txuri-urdinak 4-2 irabazi dio Malagari, eta orain lau puntuko aldea du Espainiako taldearekiko, bost puntu gol aldea kontuan hartuz gero. 

Julen Etxeberria.
2013ko apirilaren 6a
18:59
Entzun

Zortzi partida falta dira jokatzeko, baina Realak urrats sendoak egiten jarraitzen du datorren denboraldian Txapeldunen Ligan jokatzeko. Gaur beste bat egin du, Anoetan, Malagari irabazita (4-2).  Garaipen horri esker, talde txuri-urdinak tinko eusten dio laugarren postuari. Are gehiago, orain lau puntuko aldea du Malaga eta Betisekiko. Malagarekin gol alde hobea du. Betisekin, berriz, galduta du gol aldea. Valentzia da zazpigarren sailkatua, Realarengandik bost puntura. Valentziak, ordea, partida bat gutxiago jokatu du. Bihar jokatuko du, etxean, Valladoliden aurka. 

Realak eraginkortasun harrigarria erakutsi du gaur. Izan ere, izan dituen aukera bakarrak baliatu ditu. Lehen hogei minutuak oso parekatuak izan dira, baina Velak 21. minutuan sartutako golak min handia egin dio Malagari. Hamar minutuz iparra galduta ibili da Manuel Pellegriniren taldea, eta Realak ezin hobeto aprobetxatu du beste bi gol sartzeko, De la Bellak 24. minutuan, eta Griezmannek 31. minutuan. Moralesek aldea murriztu du atsedenaldira joan aurretik, baina bigarren zatia hasi eta berehala sartu du etxeko taldeak laugarrena, Iñigo Martinezek. Partida erabakita zegoen. Santa Cruzek 71. minutuan sartutako golak astindua arintzeko bakarrik balio izan du. Azkenean, 4-2, eta festa Anoetan. Bitxikeria bat, Velak sartu du Realaren 3.000. gola. Pena bakarra, Zurutuzak min hartu duela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.