Matematikak eta iragana. Iragana eta matematikak. Horiek izan dira aste honetako hizketagai nagusiak Realaren inguruan. Gaur beteko dira 28 urte lehen liga irabazi zuenetik. Urrunago geratzen da Puertollanoko igoera miresgarri hura, azken txanpa itzela egin ondoren taldea Lehen Mailara igo zenekoa. Jokalariak ere atzera begira ibili dira aste honetan, iraganak balentria posible dela erakusten duela azpimarratu nahian. Abreuk San Lorenzorekin hamaika partida jarraian irabazi zituela gogorarazi du, eta Diego Rivas berak ere askotan hitz egin du Getaferekin lortutako igoerari buruz. Orain, ordea, hitzetatik ekintzetara pasatzea dagokie, eta hor dago koska. Erraza baita helburua bederatzi partida irabaztea dela esatea. Egitea zailagoa da.
Zaila, norgehiagoka bakoitza borroka latza izan delako. Gaur ere talde apala izango du aurkari, Huesca igo berria. Apala, baina deserosoa, bere zelaian, batez ere. Aurrekontua Realarenaren herena ere ez da, baina kirol zuzendaritzak lan bikaina egin du, eta talde txuri-urdinak baino sei puntu gutxiago ditu. Ondo bidean, mailari eutsiko dio, eta lasai gainera. Egia da azken hiru jardunaldietan galdu egin duela, baina Reala ezin da lasaitu. Carlos Martinez eta Drame falta ditu Lillok, Elustondo, Diaz Zerio eta Sergio kontuan hartu gabe. Ikusi egin beharko da sistemari eutsi, edo bi aurrelarirekin jokatuko duen. Irabazteak baino ez du balio, eta dauzkan baliabide guztiak erabili beharko ditu, burua galdu gabe, baina arriskatuz.
HUESCA-REALA
Huesca. Eduardo; Robert, Corona, Dorado, Ripa; Helguera, Sastre, Jonan, Camacho; Ruben Castro eta Roberto.
Reala. Bravo; Gerardo, Labaka, Ansotegi, Castillo; Prieto, Rivas, Aranburu, Marcos; Agirretxe eta Abreu.
Epailea. Lesma Lopez.
Lekua. El Alcoraz (8.000 ikusle).
Ordua. 18:00.
Realak hitzetatik ekintzetara igaro beharko du gaur Huescari irabazteko
Igoera postuak bederatzi puntura urrundu diren arren, itxaropenari heldu nahi diote txuri-urdinek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu