Bizirik irautea da gakoa Realaren egoeran, eta hori izan zen atzo egin zuena. Irabazi. Baina zaila da pozik egotea, jardunaldi bat gutxiago gelditzen dela, lehen bezala baitago taldea aurkari zuzenen emaitza onen ondorioz. Eta batez ere joko aldetik ezer gutxi egiten jarraitzen duelako. Ez da erraza esatea zer izan zen atzo aldrebesagoa: partida bera edo Realari garaipena eman zion gola. Itxaropena galduta zegoela zirudiela, arauzko denbora jada beteta zegoela, Necatik pase sakona sartu zion Abreuri. Baloiak Albaceteko atzelari batengan jo, eta aurreratuta harrapatu zuen atezaina. Futbola oso zekena izan da taldearekin azken urteetan, baina atzo, berriz, ezin eskuzabalagoa.
Reala ez da ondo iritsi denboraldi bukaerara. Lesioek erabat hustu dute berez freskotasun handirik ez duen taldea. Atzo eresekulako zailtasunak izan zituen erasoan. Lillok hasieratik lauko defentsa berreskuratu izanak ez zuen askorik konpondu: motorrak berotzeaasko kostatu zitzaion, eta lehen ganorazko jokaldia 37. minutua arte ez zuen egin. Mohak barneraldia egin, eta Marcosi utzi zion, baina gaizki jaurti zuen. Prietok eta Markelek ere oso gertu izan zuten gola atsedenaldia iritsi baino lehen.Azken ahalegin horiek kenduta, Albacete eroso aritu zen, Realak ez baitzuen batere behartu. Hori gutxi balitz bezala, Carlos Martinezek zelaia utzi behar izan zuen, buruan kolpe gogorra jaso ondoren.
Bazirudien azeleragailua apur bat zapaltzea nahikoa izango zuela Realak irabazteko, baina kontrakoa gertatu zen. Albaceterentzat puntua altxorra zen, baina berehala ikusi zuen ausart jokatuz gero sari potoloagoa lortu ahal izango zuela, eta hori izan zen egin zuena, Realaren ahultasuna aprobetxatuz. Gainera, Mikel Gonzalezek min hartuta utzi behar izan zuen zelaia. Necatirengan bilatu zuen pizgarria Lillok, baina Necati ez zen Necati izan. Prieto zen itxaropen izpi bakarra. Sortutako gol aukera bakarrean ez zuen asmatu Abreuk, eta Albacetek azken minutuak jokalari bat gutxiagoarekin jokatu arren, Reala ideirik gabe zegoen... Aldrebeskeria batek salbatu zuen arte.
Reala 1
Albacete 0
Reala. Bravo; Carlos Martinez (Gerardo, 28. min.), Labaka, Mikel Gonzalez (Ansotegi, 57. min.), Castillo; Rivas, Markel; Moha, Prieto, Marcos (Necati, 60. min.); eta Abreu
Albacete. Jonathan; Kike Tortosa, Mainz, Tarantino, Peña (Alex Perez, min, 88. min.); Iker Begoña, Ibon; Xabi Jimenez (Navas, 82. min.), Alberto, Jaime; eta Diego Costa (Toche, 90. min.).
Gola. 1-0. Mainzek bere atean (92. min.).
Epailea. Iglesias Villanueva. Txartel horiak Realeko Mikel Gonzalezi, Castillori eta Mohari; eta Albaceteko Xabi Jimenezi eta Peñari. Iker Begoña kanporatu zuen 78. minutuan, bi txartel hori erakutsi zizkiolako.
Bestelakoak. 15.000 bat ikusle bildu ziren Anoetako harmailetan.
Realak irabazi egin du, partida txarra jokatu arren
Igoeratik zortzi puntura jarraitzen dute txuri-urdinek, aurkariek ez baitute hutsik egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu