Realak bolada ezin hobean jarraitzen du Espainiako Ligan: 23 puntu lortu ditu hamar jardunalditan. Igandean, 0-1 nagusitu da Cadizen aurrean, eta sendo eutsi dio sailkapeneko lehen postuari.
Taldeak aukera asko izan ditu partida osoan. Mikel Merinok, besteak beste, bi aukera garbi izan ditu. Cadizek nahikoa lan izan du defentsan, eta ez du arrisku handirik sortzerik izan.
Bigarren zatian, txuri-urdinek berdin jarraitu dute. Merinori gol bat baliogabetu diote, Oiartzabalek jokoz kanpo egindako erdiraketa baten ostean (47’).
65. minutuan, Conan Ledesma Cadizko atezainak modu ikusgarrian gelditu du Oaiartzabalen jaurtiketa bat. Gola gertu zuen taldeak, eta hurrengo minutuan iritsi da. Januzajek eskuinaldetik erdiratu du bigarren zutoinera, eta Alexander Isaken burukadak sare barrura bidali du baloia.
Une horretatik aurrera, Realak jokoa kontrolatzen jarraitu du, denbora pasatzen utziz. Cadiz, berriz, markagailua berdintzen saiatu da azken minutuetan. Ez dute horretarako aukerarik izan, baina. Realak seigarren garaipena lortu du erreskadan.