Rijeka 0-1 Reala

Realak mendean hartu du Rijeka, neurketaren hondarrean egindako gol bati esker

Txuri-urdinek irabaziz hasi dute Europa liga. Donostiarrek baloia gehiagotan eduki dute partida osoan, baina azken unera arte kamuts aritu dira atearen aurrean.

Cristian Portu, Realaren erasoko jokaldi batean. Txuri-urdinei kosta egin zaie Rijekaren atea zulatzea. ANTONIO BAT / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2020ko urriaren 22a
21:30
Entzun

Rijekaren sarean harrapatuta geratzekoa zenean, kroaziarren amaraunetik ihes egitea lortu du Realak. Europa ligako multzokako fasea irabaziz hasi dute txuri-urdinek, Jon Bautistak luzapenean egindako gol bati esker. Etxekoen lakioan lotuta geratzear zirela, Jon Bautista errenteriarrak ondo baliatu du bere aukera, huts eta batekoa egin eta hiru puntuak Donostiara eramateko. Ordura arte, ordea, larri aritu dira Imanol Alguacilenak, baloia gehiagotan eduki arren, ezin izan baitute golik sartu.

Ekin, gogotsu ekin diote neurketari Imanolen jokalariek. Baita prestatzaileak ere; ahalik eta talderik indartsuena zelairatu du oriotarrak. Hiru urte ziren Reala Europa ligan aritzen ez zela, eta lehen partida irabazteak zuen garrantziaz jakitun, erasora egin dute hasiera-hasieratik. Estreinako minutuetan sarri sartu dira Rijekaren areara. Seigarren minutuan izan dute lehen aukera donostiarrek; korner batean, buruz errematatu du Mikel Merinok, baina saiakera hutsala izan da. 
Hurrengo minutuetan zelaian agintzen segitu du Realak, baina pixkanaka jokoa zelaian zehar barreiatu da. Rijekak kontraerasora soilik desoreka zezakeen Reala, eta hartara jokatu du. Izan du aurretik jartzeko aukerarik, baina Alex Remirok erantzun ona eman die etxekoen jaurtiketei.

Realak, berriz, baloia gehiagotan eduki arren —%64koa izan du lehendabiziko zatian— argitasun falta izan du atearen aurrean, eta horixe izan da txuri-urdinen lasta. Futbolean alferrikakoa baita aurkariaren area inguruan aritzea, baloia atera bideratzen ez bada. 

Robin Le Normandek izan du bisitariak aurretik jartzeko aukera, baina 25. minutuan buruz egindako errematea langara joan da. Hortik aurrera, gipuzkoarren saialdiak Cristian Portuk eskuin hegaletik piztutako txinparten mende egon dira.

Rijekak ere gertu izan du gola lehen zatiaren hondarrean. Realeko atzeko lerroaren huts baten ondorioz ezlekuan geratu da baloia, eta Remirok irten behar izan du  hura urruntzera. Gisa horretara, hutsean joan dira jokalariak aldageletara.

Rijeka, eroso; Reala, astun
Bigarren zatian itzaltzera egin du partidak. Reala etxekoen erritmo berean jokatzen hasi da, eta horrek kaltea besterik ez dio egin. Egoera horretan eroso egon da Rijeka. Kroaziarren amaraunean harrapatuta geratu dira txuri-urdinak, eta hortik ihes egitea kosta egin zaie hurrengo minutuetan. Atzean sartu dira etxekoak, baina ez dute estutasun handirik igaro. Aldiz, Realak zirrikituren bat aurkitu nahian iragan ditu minutu ugari, baina alferrik.

Portuk izan du atsedenalditik igaro osteko aukerarik argiena. Espainiarrak eskuin hegaletik egindako jokaldia batean lortu du area barrura sartzea, baina haren jaurtiketa gurutzatua gutxigatik kanpora joan da. Gurutze bidea hasia zen txuri-urdinentzat. 

Izan ere, norgehiagokak aurrera eginagatik geroz eta eskasago aritu da Reala. Dema lokartzeko xedez ari zen Rijeka; 60. minutua bete denerako ontzat emana zuen berdinketa, eta ahalik eta gutxien jokatzea izan du helburu. Presarik gabe etxekoak, eta antsia ukituarekin bisitariak. Realak bazekien balio txikia izango zuela berdinketa batekin Euskal Herriratzeak. Zelaian nagusi izan eta aurkariak adina sari jasotzeak kamustu egingo zuen Europa ligako estreinaldia.

Horren jakitun, aurrelarien aldeko apustua egin du Imanolek. Prestatzaile oriotarrak Willian Joseri eman dio aukera lehendabizi. Brasildarrak apur bat suspertu du txuri-urdinen jokoa, eta Merinok bizitzera egin du azken minutuetan. Hala, nafarraren oinetatik abiatutako jokaldi batek Mikel Oiartzabalengan izan du helmuga, eta eibartarrak bere zangoetan izan du lehendabiziko gola. Haren jaurtiketa zutoinera joan da, ordea, eta hantxe amaitu da Oiartzabalen partida. 

Imanolek hura kendu eta Bautistaren alde egin du. Errenteriakoak ez du hutsik egin. Zelairatu eta bost minutura Merinok lerro artean emandako pase bat ukitu eta sareetara bota du baloia. Partidak berdinketaren traza hartua zuenean lortu du irabazteko gola. Nola edo hala irabaztea zen Realaren xedea. Lortu du, eta hasiera ezin hobea izan du Europa ligan. Nahiz, partidaren joanari erreparatuta, patxada handiagoz garaitzeko arrazoiak izan. Puntuek balio dute, eta zakuratu dituzte. Egina bale.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.