Derbi beroa espero zen, eta aurreikuspenek ez dute hutsik egin Anoetan, Realaren eta Athleticen arteko partidan. Denetarik izan da, golak, ika-mikak eta bestelakoak ez baitira falta izan, baina azkenean Realak amaitu du irribarre gozoarekin. Eta merezita, ezbairik gabe. Partida berdindua hasi den arren, txuri-urdinak gehiago izan dira gerora, eta batez ere areako eraginkortasunari esker lortu dute garaipena.
Eraginkortasunari, eta San Joseri esker. Izan ere, nafarrak birritan egin du gola bere atean. Realaren bestea Oiartzabalek sartu du. Athletic, bere aldetik, saiatu da azkeneraino kontuak estutzen, eta Raul Garciak penaltiz 3-1ekoa ezarri du. Halere, nahi eta ezin jokatu dute bilbotarrek, eta gerta dakieken gauzarik onena da sasoia amaitzea. Reala, berriz, Sevilla zazpigarren sailkatuarengandik bi puntura kokatu da, eta Sevillari berari egingo dio bisita datorren ostiralean. Hortaz, Europari ezin dizkio ateak itxi.
Bi hamaikakoak ikusirik, entrenatzaileak zeukaten guztiarekin zelairatu dira hasieratik. Bernabeun erabilitako hamaikako beraren alde egin du Zigandak, Williams aurrean jarri eta kontraerasoa baliatu nahian, baina Imanolek ere bere eskua erakutsi du. Eusebiorekin ez bezala, sendotasunaren alde egin du oriotarrak, eta asmatu du. Athletic nola jokatu ez jakinda aritu da. Minutuek aurrera egin ahala, gero eta erosoago sentitu da Reala, berriz. Hasieran eutsi egin dio aurkariari, eta gero hautsi. Baloi geldian iritsi da lehen gola, San Josek bere atean eginda. Eta bigarrena Oiartzabalek sartu du, Januzajen jokaldi on bati esker.
Bigarren zatiari begira, kale edo bale egin beharrean zen Zigandaren taldea, eta Susaeta prest zegoen zelairatzeko. Bitarte horretan, ordea, Realaren hirugarrena iritsi da, 48.ean. Hortik aurrera aldea ondo kudeatu dute txuri-urdinek. Joaren eraginez iritsi da aurkariaren areara Athletic, eta Raul Garciak gola egin du, penaltiz. Ordea, bilbotarrek ez dute ezertarako denborarik izan.
Partida amaieran ika-mikarako tartea nagusitu da. Pardok oso sarrera itsusia egin dio Mikel Ricori, eta jokalarien artean eztabaida sortu da. Txartel hori festa izan da, baina ezertarako denbora gehiagorik gabe, epaileak azken txistua jo du. Realak irabazi du, hiru puntu baino gehiago akaso, eta Athletic burumakur itzuliko da Bilbora.