FUTBOLA

Realak partida erabakigarria jokatuko du gaur Milanen

Txuri-urdinek nahikoa dute Interrekin berdintzea Txapeldunen Ligako multzoko lehen postuan amaitzeko. Aurretik ere jokatu dute zelai horretan aurkari horren aurka, eta Imanol Alguacilek argi utzi du irabaztera aterako direla.

20231211 145457
Umar Sadiq, Imanol Alguacil eta Hamari Traore, Noaingo aireportuan, Milanera abiatu aurretik. MANIX DIAZ DE RADA
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Nola izena du Inter Milanen zelaiak? Giuseppe Meazza? San Siro? Azken hori estadioa kokatuta dagoen auzoaren izena da, eta historikoki Milanen eta Inter Milanen etxeak izan duena ere bai. Baina 1980an izena aldatu, eta Giuseppe Meazzaren izena jartzea erabaki zuten: bi taldeetan aritutakoa zen, eta Italiarekin munduko bi txapelketa irabazi zituen. Halere, zale rossoneri-ek nahiago dute lehengo izena, haiekin bi denboraldi baino ez baitzituen jokatu Meazzak, eta nerazzurri-ekin, berriz, hamahiru. Europako lehiaketetan jokatutako partidetan ere, San Siro izena du zelaiak azken urteotan. Baina horrek guztiak berdin dio Imanol Alguacilen taldeari. Realak argi utzi du denboraldi honetan ez diotela batere arduratzen ez estadioak, ezta aurkariaren mailak ere.

Txapeldunen Ligako hiru garaikur dituzte italiarrek, azken aldiko txapeldunordeak dira, eta lider Italiako Ligan. Ez da nolanahiko aurkaria Inter. Txuri-urdinak Simone Inzaghiren taldearekin berdinduta iritsi dira ligaxkako azken jardunaldira, 11 punturekin, eta, kanpoan jokatzen duten arren, gauza bat alde dute: galtzea ez den guztiak balio die final-zortzirenetarako multzoburu moduan sailkatzeko, horrek dakartzan abantaila guztiekin; Interrek, aldiz, irabazi beharra dauka horretarako. Hutsean berdintzea nahikoa dute gipuzkoarrek, baina teknikari oriotarrak argi utzi du hiru puntuen bila zelairatuko direla (21:00, Movistar).

Primeran ari dira donostiarrak Txapeldunen Ligan. Zirrara eragin dute, eta, Lisboan eta Salzburgon (Austria) garaipena eskuratu eta gero, etxetik kanpo beste gau magiko baten bila aterako dira Milango soropilera. Ez da erraza izango, parean izango duten taldea izarrez beteta baitago. Anoetan, bana egin zuten. Realak hankapean eduki zuen Inter 80 minutuz, baina ez zuten neurketa erabakita uztea lortu, eta italiarrek puntu bat arrantzatu zuten azken hatsean.

Zubeldia deialdian dago

Vila-reali 0-3 irabazi ostean iritsi da Reala lehia erabakigarrira. Lehen zatian erabakita utzi zuen partida, baina aurreneko 45 minutuetan Zubeldiak eta Brais Mendezek zelaia utzi behar izan zuten, min hartuta. Galiziarrak eskuin besoko kubitua hautsia du, eta gaur egingo diote ebakuntza, Bartzelonan. Erdilari galiziarra talde txuri-urdineko izarretako bat izan da Txapeldunen Ligan orain arte jokatutako bost partidetan. Azkoitiarra, berriz, bizkarreko mina zuela joan zen aldageletara, baina deialdian sartu da. Halere, ikusteko dago jokatzeko moduan dagoen edo ez. Harrobiko Urko, Magunazelaia, Ayesa, Dadie eta Jon Martin daude deialdian.

Inter Milanek ere jokalariak ditu erizaindegian: De Vrij, Pavard eta Dumfries; hiru atzelariek hasieratik jokatu ohi dute. Halere, iragan astean Alessandro Bastoni erdiko atzelaria berreskuratu zuen Inzaghik. Hutsuneak hutsune, gol gutxi jasotzen ditu Interrek. Ligan zazpi gol bakarrik egin dizkiote hamabost neurketetan, eta Txapeldunen Ligan, Benficaren aurkako azken lehia kenduta —ordezko askok jokatu zuten—, bi baino ez dizkiote sartu.

Nerazzurri-en atea ondo zainduta dago, bosteko defentsa lerroaren atzean atezain oso on bat baitago: Sommer aurten iritsi da Milanera, azken denboraldian Bayern Munichen igaro ostean. Suitzarra ez da oso altua (1,83 metro), baina gainditzen zaila da. Realzale askok oraindik gogoan izango dute lehen itzuliko neurketan Oiartzabali korner batean egin zion geldiketa. Gipuzkoarrek fin ibili beharko dute etxekoen atea zulatzeko orduan.

Zaila izango da Realarentzat gaur puntu bat poltsikoratzea, Inter hortzak luze-luze eginda zelairatuko baita garaipenaren bila. Txuri-urdinek, baina, neurketa handiak egin dituzte azken sasoi hauetan, bai Europan, baita Espainiako ligan ere. Saria ez da makala: aurreneko postuan amaitzea ligaxka. Jokalariak ez dira bakarrik egongo, 3.000 realzale inguru espero baitira harmailetan. Haien garrasiek hauspotuta, historia egiten jarraitu nahi du Imanolen taldeak.

indar gorriko zortzi kide atxilotu dituzte

Espainiako Poliziak Indar Gorri Osasunaren jarraitzaileen taldeko zortzi kide atxilotu zituen atzo. Irailaren 23an, Iruñean, Osasunak eta Sevillak elkarren aurka jokatu aurretik bi taldeen zaleek izandako borrokaldiaren harira atxilotu ditu. Indar Gorriko sei kide horiez gain, Sevilla taldeko 23 zale atxilotu ditu. Indar Gorrik taldeko sei kideak askatzeko eskatu du. Joan den martxoan, Errepresioari hortzak erakutsi kanpaina jarri zuen martxan Indar Gorrik. Salatu zuenez, aurreko hilabeteetan hamasei kide atxilotu zituzten guztira, eta taldeari 69.200 euroko isunak jarri zizkieten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.