Realak PSV Eindhovenen Philips Estadioan (Herbehereak) egingo du debuta sasoi honetako Europa ligan, datorren irailaren 16an (21:00). Honela geratu da egutegia:
2 jardunaldia: Reala-Monako. Irailak 30 (18:45).
3. jardunaldia: Sturm Graz-Reala. Urriak 21 (21:00).
4. jardunaldia: Reala-Sturm Graz. Azaroak 4 (18:45).
5. jardunaldia: Monaco-Reala. Azaroak 25 (21:00)
6. jardunaldia: Reala-PSV Eindhoven. Abenduak 9 (18:45)
Realak kontrario zailak izango ditu Europa ligan. Zozketa egin zuten atzo Istanbulen (Turkia), eta PSV Eindhoven Monako eta Sturm Graz (Austria) tokatu zaizkie txuri-urdinei. Aurkari bakoitzaren kontra etxean zein kanpoan aritu beharko du Imanol Alguacilek entrenatzen duen taldeak, eta ligaxkako lehen jardunaldia irailaren 16a izango da, ostegunarekin. Azkenekoa, seigarrena, abenduaren 9an. Eta kontuan hartu behar da lehiaketan egin dituzten aldaketen ondorioz multzo bakoitzeko aurrenekoa bakarrik sailkatzen dela, zuzenean, kanporaketetarako.
Lehen begiratu batean, multzoko talderik ahulena Sturm Graz da. Beste bi kontrarioek garai hobeak izan dituzte, baina kontuan hartu behar da Txapeldunen Ligarako sailkatzekotan egon direla, eta Europako kluben arteko lehiaketa nagusia jokatu ohi dutela. Aurten, horretatik kanpo gelditu dira. Monakok ezin izan zuen Xaktar Donets (Ukraina) gainditu kanporaketa aurrekoan, eta beste hainbeste gertatu zitzaion PSVri Benficarekin (Portugal).
Behinola, 1988an, Europako Kopa irabazi zuen PSVk, Philips etxearen taldeak, hain zuzen Benfica gaindituz finalean. Ronald Koeman Bartzelonaren entrenatzaileak jokatzen zuen talde hartan. 1990eko hamarkadaren hasieran ere puntan jarraitu zuen Eindhovengo taldeak, besteak beste Romario eta Ronaldo Nazario da Lima aurrelari brasildarrekin. 21 aldiz irabazi du Herbehereetako Liga, baina azken urteetan Ajaxek hartu dio gaina etxeko lehiaketan. Roger Smichdt da Europako lehiaketetan klasiko bat den taldearen entrenatzailea.
Monako ere ohituta dago Europan lehiatzera. Realak duela aste batzuk jokatu zuen Monakoren aurka lagunarteko lehia Anoetan, eta, gisa horretako partidetatik ondorio gutxi atera daitezkeen arren, txuri-urdinak 2-1 nagusitu ziren. Azken urteotan distira galdu du taldeak, baina aintzat hartu behar da 2016-2017an Txapeldunen Ligako finalerdietara heldu zenean Kylian Mbapperen abiadurak eta indarrak gidatzen zuela taldea —2004an, Didier Deschamps entrenatzaile zela, lehiaketako finala jokatu zuen—. Nolanahi ere, jokalari deigarriak dauzka oraindik ere. Goleatzaile nagusia, esaterako, Wissam Ben Yedder da, Frantziako selekzioarekin aritu ohi den jokalaria, eta zelai erdiko jokoa Cesc Fabregase beteranoaren talentuak argitzen du. Niko Kovac da entrenatzailea.
Eta Sturm Graz da, itxuraz behintzat, multzoko talderik ahulena. Christian Ilzerrek zuzentzen duen taldeak ez dauka izarrik. Hiru aldiz irabazi du Austriako Liga (1998, 1999, eta 2011), eta joan den denboraldian hirugarren sailkatu zen.
Bigarren eta hirugarren sailkatuak
Europako beste lehiaketa bat estreinatuko du UEFAk denboraldion, Konferentzia liga delakoa, eta horrek Europa ligari ere eragingo dio. Hasteko, 48 talde lehiatu beharrean, 32 talde lehiatuko dira. Multzo bakoitzeko lehenak zuzenean sailkatuko dira final-zortzirenak jokatzeko. Horiek martxo hasieran jokatuko dituzte. Eta hona berritasunetako bat: bigarren sailkatuek Txapeldunen Ligako ligaxkako multzoetan hirugarren sailkatzen direnen kontra kanporaketa bat jokatuko dute otsail amaieran, eta irabazleek final-zortzirenetarako txartela lortuko dute. Beste berritasun bat: Europa ligako ligaxkan hirugarren sailkatzen direnek ez diote zuzenean agur esango lehiari, eta Konferentzia ligako ligaxkan bigarren sailkatzen direnen kontra kanporaketa bat jokatuko dute otsailean, Konferentzia ligako final-zortzirenetarako txartel bat lortzeko.
Ligaxkako sei jardunaldiak irailaren 16a eta abenduaren 9a bitartean jokatuko dira, eta, behin kanporaketak igarota, finala 2022ko maiatzaren 18rako programatuta dago, Sevillako Sanchez Pizjuan estadioan.
Reala hamazazpigarren aldiz ariko da Europako lehiaketa batean. Hamabi aldiz jokatu du Europa liga —garai bateko UEFA Kopan egindako parte hartzeak hartuta—, lautan Txapeldunen Liga edo Europako Kopa, eta behin 1999an desagertutako Errekopa. Joan den denboraldian ere Europa liga jokatu zuten txuri-urdinek, eta, ligaxkan bigarren sailkatu ondoren, final-hamaseirenetan Manchester United txapeldunordeak kanporatu zuen.