Realak puntu baliotsua lortu du Prainsa indartsuaren etxean (1-1)

Txuri-urdinek irabazteko bi aukera garbi eduki dituzte bigarren zatian, baina ez dute asmatu

Erredakzioa
Donostia
2010eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Reala Superligako titulurako faserako sailkatu zen, eta atzo, bigarren fase erabakigarri horretako aurreneko jardunaldian, sailkapena merezita lortu zuela erakutsi zuen. Izan ere, berdinketa baliotsua lortu zuten txuri-urdinek Prainsa Zaragoza indartsuaren etxean. Eta garaipena, egia esanda, ez zen aparte ibili. Javi Garmendiaren taldeak bi aukera garbi eduki zituen bigarren zatian, baina ez zuten asmatu.

Realeko jokalariak, hala ere, pozik itzuli ziren Zaragozatik. Prainsak talde osoa dauka, eta lehen fasean Athletic mendean hartu zuen bakarra izan zen. Hala, bigarren tokian sailkatu zen; zuri-gorrien atzetik eta Realaren aurretik. Lehen fasean elkarren kontra aritu ziren bi partidetan etxean Reala nagusitu zen (2-0), eta Zaragozan, aldiz, Prainsa (3-1). Horrexegatik, txuri-urdinek ondotxo zekitenatzokoa partida zaila izango zela.

Baina beldurrik gabe zelairatu ziren, eta 12. minuturako aurrea hartu zuten markagailuan. Ainara Herrero izan zen golegilea, estrategia jokaldi bat ondo eginda. Hamar minutu pasatxo geroago berdindu zuen Prainsak, ordea, beste korner batean. Atsedenaldia bitartean haizeak partida baldintzatu zuen, eta bigarren zatian gauza bera gertatu bazen ere, aukera garbienak Realarenak izan ziren. Bi kontraeraso garbi lotu zituen Garmendiak entrenatuko taldeak, baina Zelaiak ez zuen azken pasea ematerakoan asmatu. Garmendiak ondoko hamaikakoa zelairatu zuen: Sokoa; Irene, Esti Aizpurua, Rakel, Sandra; Ainara Herrero, Magaña, Larraitz, Aintzane; Maite eta Zelaia. Datorren astean Atletico Madrilen kontra jokatuko dute, Zubietan.

Athletic, txapeldunaren aurka

Athletic nagusi izan zen lehen fasean, eta, hortaz, titulurakoan ariko da, Reala bezalaxe. Bigarren faseko lehen partida jokatuko du gaur, eta Rayo Vallecanori aurre egin beharko dio, Lezaman (12:00). Rayo da, hain zuzen, azken txapelduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.