Celta 0-1 Reala

Realak Txapeldunen Ligarako postuetan jarraituko du, Celtari irabazita

Isakek sartu du neurketako gol bakarra, 82. minutuan, Odegaarden pase bat baliatuta. Celta hamar jokalarirekin aritu da 64. minututik aurrera.

Alexander Isak Realeko aurrelaria, Vigon egin duen gola ospatzen, gaur, Celtaren eta Realaren arteko partidan. SALVADOR SAS
2019ko urriaren 27a
09:44
Entzun

Bi taldeek nahiko paretsu hasi dute partida, erritmo handirik gabe, baina, Realaren zelai erdia berotuz joan den heinean, zuri-urdinek jokoaren agintea eskuratu dute. Hala ere, ez dute gol aukera argirik sortu lehenengo zatian, Odegaardek eta Monrealek egin dituzten jaurtiketa pare bat salbu.

Aldiz, Celtak markagailuak aurreratzeko aukerak izan ditu lehen zatiaren azken minutuetan, bereziki Santi Minaren bitartez. Talde galiziarraren hutsegiteei esker, golik gabeko emaitzarekin joan dira jokalariak aldageletara.

Bigarren zatian, partidaren norabidea baldintzatu du Pape Cheikh Celtako erdilariaren kaleratzeak. Bigarren txartel horia erakutsi dio epaileak, eta Reala hamar jokalariren aurka aritu da 64. minututik aurrera.

Abantaila izan arren, Reala ez da erasora joatearekin erotu, eta azken ordu laurdenean eman du aurrerapausoa. 82. minutuan, Odegaardek lerroarteko pase bat eman dio Isaaki, eta aurrelari suediarrak ongi neurtutako jaurtiketa batekin egin du 0-1ekoa.

Garaipenari esker, Realak Txapeldunen Ligarako postuetan jarraituko du, 19 punturekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.