Gaur jokatuko du Realak denboraldi-aurreko hirugarren norgehiagoka, Xabi Prieto gabe. Akizen izango da (Frantzia), eta aurkaria Tolosa Lehen Mailako taldea izango da.
Orain arteko lagunarteko guztiak irabazi ditu —0-3 Beasainen aurka eta 4-0 Ajaccioren aurka— , baina gaurkoa partida zailagoa izango da, aurkaria hobea baita. Gainera, Xabi Prietok ez du jokatuko, oraindik min hartuta baitago. Paco Sutilek eta Diego Ifranek, berriz, zail izango dute jokatzea; azkenaldian taldetik at entrenatzen ari dira, min hartuta daudelako.
Partida berebizikoa izango da hainbat jokalarirentzat, ondoren esango baitu Philippe Montanierrek zein jokalarik utziko duten taldea. Horregatik, gaurko partida batzuentzat azkena izango da, nahiz eta horiek Montanier konbentzitzen saiatuko diren. Datorren astean argituko da, Italiara ez baitira joango taldea utziko duten jokalariak.
Griezmannekin bueltaka
Antoine Griezmannen izena denen ahotan dabil. Frantziako L'Equipe egunkariak Atletico Madrilekin kontratua sinatu duela dio, baina Realak ezeztatu egin du. «Realak ez du jokalaria saltzeko inongo asmorik», esan du Jokin Aperribaik, taldeko presidenteak.
Jokalariaren iritziz, Madrilera joatea aurrerapausoa da, Europan aritzeko aukera emango diolako. Halere, bere lehentasuna Donostian jarraitzea dela dio. «Realean gustura nago».
Realak udako hirugarren partida jokatuko du gaur, Tolosaren aurka
Akizeko partidaren ondoren erabakiko du Philippe Montanierrek zein jokalarik utziko duten talde txuri-urdina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu