Realak ez du zorterik izan Europako Ligako zozketan. Aberdeen edo Groningen. Bi horietakoren baten aurka ariko dira txuri-urdinak atariko lehen kanporaketan. Ustez, egokitu zekiokeen aurkaririk gogorrenetakoa egokitu zaio Realari. Uztailaren 31n Anoetan jokatuko da joaneko partida, eta abuztuaren 7an Eskozian edo Herbehereetan itzulikoa. Atzo 0-0 berdindu zuten Aberdeenek eta Groningenek, eta hurrengo ostegunean jokatuko dute itzuliko partida, Herbehereetan.
Joan den denboraldian Aberdeenek hirugarren postuan amaitu zuen Eskoziako Liga, 68 punturekin. Celtic Glasgow-k irabazi zuen liga, 99 punturekin, eta Motherwellek amaitu zuen bigarren, 70ekin. Derek McInnes eskoziarra da entrenatzailea. Groningen, berriz, zazpigarren izan zen Herbehereetako Ligan, 51 punturekin, Ajax (71), Feyenoord (67), Twente (63), PSV (59), Heerenveen (57) eta Vitesseren (55) atzetik. Erwin van de Looi herbehereetarra da Groningenen entrenatzailea. 21.421 zalerentzat lekua dauka Aberdeenen zelaiak, Pittodriek, eta 22.579rentzat Groningenenak, Euroborgek.