Aldapa gora jarri zaio partida Realari. 15. minuturako atzetik zen markagailuan: Paco Alcacerrek buruz utzi dio baloia Carles Gili, eta hark ezker hankaz sareetara bidali du. Gol horren zama gainean zutela, berdinketa lortzeko ahaleginak egin dituzte txuri-urdinek, eta 37. minutuan iritsi da banakoa, Sergio Canalesen eskutik. Imanol Agirretxeri eman diote gola batzuek, ez baita argi geratu marra igaro aurretik baloia ukitu ote duen.
Atsedenaldian, aldaketa bikoitza egin du Valentziak: F. Augusto eta Feghouli zelairatu dira Andre Gomes eta Carles Gilen ordez. Bigarren zatiaren hasieran Realak sortu du Valentziak baino arrisku gehiago, Alvesen ate ingurura iritsi da, baina ez du asmatu.
70. minutuan Realaren lehen bi aldaketak egin ditu Jagoba Arrasatek: Zurutuza kendu du Granerorengatik, eta Elustondo Mikel Gonzalezengatik. Zortzi minutu geroago Agirretxek utzi du zelaia, Alfred Finnbogasonen ordez. Valentziak Orban zelairatu du 82. minutuan, Parejoren lekuan.
Minutuek aurrera egin ahala, Reala husten joan da. Azken minutuetan, aukerak izan ditu Valentziak; Realak ere gertu izan du gola 90 minutuak beteta zirenean.