Valentzia 2-2 Reala

Realari eskuetatik ihes egin dio garaipenak

Atsedenaldian 0-2 aurretik ziren txuri-urdinak, baina Valentziak neurketa berdintzea lortu du epailearen hainbat erabaki eztabaidagarri tarteko.

Ander Gebara neurketako lehen gola ospatzen. KAI FöRSTERLING / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko apirilaren 11
19:16
Entzun

Lehen 45 minutuen ostean Realarentzat arratsalde lasaia izango zela zirudien. Azken asteko bi derbien ostean, gaurkoa neurketa arriskutsua zen Imanol Alguacilen mutilentzat, baina hankak lurrean eta burua behar den lekuan zutela zelairatu dira jokalariak, eta atsedenaldirako bideratuta zeukaten garaipena: 0-2 aurretik ziren. 

Bigarren zatian, ordea, Valentziaren heroia bilakatu da Gabriel Paulista, realzaleen iritziz, bigarren txartel horia izan behar zuen jokalaria. Brasildarrari egin diote etxekoen lehen gola bilakatu den penaltia, eta bigarren gola ere berak sartu du, buruz.

Aurretik, erabat bestelakoa izan da lehen zatia. Realak golak sartu aurretik penalti bat izan du alde Valentziak; erdiraketa batean eskuan jo dio baloiak Gorosabeli. Carlos Solerrek, ordea, kanpora bota du baloia, Remiro beste aldean zela.

Azkar damutu da. Lau minutu geroago, Oiartzabalek area kanpoan utzi dio baloia Gebarari, Realeko erdilariak bikain jo du baloia ezkerrez eta sarean amaitu du haren jaurtiketak. Harrobiko jokalariak Realaren lehen taldearekin sartu duen lehen gola da, eta amorruz ospatu du.

Hamabi minutu geroago, Gebarak berak berreskuratu du baloi bat zelai erdian, Isaki utzi dio, eta hortik aurrerako guztia aurrelari suediarrak egin du. Arearaino heldu da, eta, errematea zaila zen arren, zutoinaren alboan jarri du baloia. Bi eta huts atsedenaldira.

Arratsaldea gaiztotu egin da

Bigarren zatiaren hasieran izan ditu Realak hirugarren sartzeko aukerak ere, eta neurketa nahi zuen lekuan zuela zirudien. Horietako batean, jada txartel hori bat zuen Paulistak sarrera gogor bat egin dio Oiartzabali, eta harentzako bigarren txartela eskatu dute Realeko jokalariek. Epaileak ez dio atera, ordea. Gutxi geroago, Carlos Fernandezek area barruan zapaldu du Paulista, eta bigarren penaltian ez du barkatu Wassek.

Realaren hirugarren gola gertu zegoela zirudienean heldu da Valentziaren lehenengoa, eta, hamar minutu geroago, berriz ere, Paulista protagonista. Bikain errematatu du Guedesen erdiraketa bat, eta berdinketa ezarri du markagailuan. Neurketaren ostean aitortu du Valentziako jokalariak «ulertzen duela» Realak bere bigarren txartela eskatu izana, jokaldi arriskutsua izan dela: «Eskerrak epaileak ez didan txartela erakutsi», amaitu du, irribarrez.

Amaierara bitartean, Maxi Gomez kanporatu du epaileak, eta, gol aukerarik garbiena Jon Bautistak izan duen arren, nekea ordaindu du Realak.

Valentzia: Domenech; Correia, Diakhaby, Paulista, Gaya; Soler, Racic (Gameiro, 63'), Wass (Oliva, 94'), Cheryshev (Musah, 62'); Guedes (Lato, 85') eta Maxi Gomez.

Reala: Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Monreal; Gonzalez de Zarate (Sagnan, 45'), Gebara, Oiartzabal (Bautista, 88'), Portu (Januzaj, 66'); Carlos Fernandez (Roberto Lopez, 78') eta Isak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.