Realean baikor dira, eta uste dute aukera ona dutela sailkatzeko

Gorka Elustondok zuntz haustura bat du eta gutxienez astebete beharko du berriro jokatu ahal izateko

Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Hainbeste urteren ondoren, Kopako final-hamaseirenak gainditzeko zailena egin zuen herenegun Realak: Granadari 4-1 irabazi; itzulerako partidaren faltan, ia erabakita utzi zuen kanporaketa talde txuri-urdinak. Jokalariak ere iritzi berekoak dira, eta baikor daude. «Pozik gaude. Laugarren gola garrantzitsua da datorren asteko partidari begira», adierazi zuen Mikel Gonzalezek partida amaieran. Zuhurki mintzatu zen, halere: «Horrelako bueltak urtero ikusten dira txapelketa honetan; abantaila onarekin joan eta galtzen buka dezakezu».

Realaren lau goletako bi Xabi Prietok sartu zituen. Lesio batetik osatu berria, partida osoa jokatu zuen donostiarrak, eta hura ere «oso pozik» zegoen partida bukaeran. Erdilariak ere, laugarren golaren garrantzia azpimarratu zuen: «Garrantzitsua da Granadara lasaiago joan ahal izateko».

Gorka Elustondok, baina, min hartu zuen herenegungo partidan. Egindako osasun azterketen arabera, lehen graduko zuntz haustura bat da, eta gutxienez astebetez jokatu ezinda egongo da. Bestela ere ezin izango zuen Racingen aurka jokatu, joan den igandean bi txartel hori atera baitzizkioten Vila-realen aurka jokatutako partidan. 61. minutuan kanporatu zuen epaileak beasaindarra, eta ordura arte txukun jokatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.