Reala eta Arsenal ados jarri dira, aurrelari mexikarrak talde donostiarrean jarrai dezan. Beste lau urtez luzatu du kontratua Velak, eta, beraz, 2018ko ekainera arte izango da txuri-urdinekin.
Vela pozik agertu da kontratua berritu ostean, berria zabaldu eta gero: "Beti esan dut hau dela nire etxea, oso ongi nago Donostian, hemen bezala inon ez, eta horixe esan nion presidenteari nire asmoez galdetu zidanean. Bagenekien ez zela erraza izango, baina zorionez ongi atera da eta alde guztiak gaude pozik".
Vela 2011n heldu zen Realera, eta 126 partida ofizial jokatu ditu. 47 gol egin ditu; horietatik 21, iragan sasoian.