Maiatzaren 15ean, Espainiako Poliziak gogor jo zuen Vila-real (Herrialde Katalanak) hiri horretako futbol taldearen eta Realaren arteko partida ikustera joandako realzale talde baten aurka. EH Bildu alderdiak azalpenak eskatu zizkion Espainiako Gobernuari, eta gaur zabaldu dute Madrilen erantzuna: Espainiako Gobernuaren arabera, Poliziak «egoki» jokatu zuen legearen eta bere arauen arabera, eta «progresiboki» erabili zuen indarra.
Hainbat realzale zauritu zituzten, eta horietako batzuk ospitalera eraman behar izan zituzten.
Realzaleek kontatu zutenez, Bultzada taldeko kideak eta senideak, haurrak tartean, taberna baten kanpoaldean zeuden, partida hasi baino ordu batzuk lehenago. Espainiako Poliziak inguratu egin zituen, eta, azalpenak eskatu zituztenean, agenteak irainka oldartu zitzaizkien. Adierazi zutenez, polizia batek hau esan zien: «Euskaldun putak, orain ez duzue hainbeste potrorik».
Realak berak ere gaitzetsi egin zuen Espainiako Poliziaren jokabidea.
Irudiek dena esaten dute: poliziak bortizki ari dira, herritarron kontra.
— Mikel Arreseigor (@MikelArreseigor) June 14, 2022
Kontrakoa esatea gezurra da.#realsociedadhttps://t.co/YiGiDzlOQmpic.twitter.com/K86K34pQv6
Hiru egun geroago, Jon Iñarritu EH Bilduren Kongresuko diputatuak galdera sorta bat egin zion Espainiako Gobernuari, azalpen eske. Besteak beste, oldarraldia egiteko arrazoiez galdetu zuen, ikerketa egin ote den, eta irain euskalfoboengatik neurriak hartuko ote zituen.
Atzoko data duen erantzunean, ordea, Espainiako Gobernuak esan zuen realzaleek «gorrotoa eta indarkeria bultzatzeko lelo iraingarriak» oihukatu zituztela, eta «bengalak, ke potoak eta bestelakoak botatzen hasi» zirela urrun zeuden agenteen aurka. Lekukoek grabaturiko bideoetan ez da bengala edo ke potoen arrastorik ikusten. Poliziak «esku hartu behar izan zuen hiriko segurtasuna berriz ezartzeko, legearen eta arauen araberako esku hartzea eginez». «Indarra progresiboki» erabili zuela gaineratu du Espainiako Gobernuak.
«Muturreko indarkeriazaleen talde bat» kalteak eta mina egiteko asmoz aritu zela argudiatu du.
Iñarrituk berak gaur salatu duenez, «Espainiako Gobernuaren bertsioa ez dator bat» irudiekin eta lekukotasunekin, eta iragarri du Fernando Grande Marlaska Barne ministroaren agerraldia eskatu duela afera argitzeko.
1⃣Espainiako Gobernuaren bertsioa ez dator bat realzaleen testigantzekin ezta zabaldutako irudiekin ere.
— Jon Inarritu (@JonInarritu) June 14, 2022
2⃣Poliziaren jokabidea basatia, neurriz kanpokoa eta justifikaziorik gabea izan zen.
3⃣Marlaskaren agerraldia eskatu dugu gertatutakoa argitzeko. #PreguntasParlamentariashttps://t.co/tLtQ6CYelx
Hamar isun proposamen egin zituztela zehazten du erantzunak, kirolean indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantzia erabiltzearen aurkako legeari jarraikiz, eta bost pertsona atxilotu zituztela, desordena publikoak, agintearen agenteen aurkako erasoa, erresistentzia eta desobedientzia leporatuta.