Reggie Williamsek ez du oraingoz NBAra itzultzeko asmorik, ezta greba bertan behera geratuta ere. Atzo utzi zuen garbi aurkezpenean. «Denboraldia amaitu arte jokatzeko nago hemen. Dena jokatu nahi dut: Euroliga, ACB liga, Espainiako Kopa... Nire kontratua betetzeko asmoa dut». Eskolta estatubatuarrak badirudi ez duela presarik jaioterrira itzultzeko. Badaki hori eginez gero patrika diruz gutxiago beteta egingo lukeela bidaia. Izan ere, Baskoniarekin sasoi osoa jokatuz gero milioi eta erdi dolar inguru irabaziko lituzke (milioi bat euro inguru). Aldiz, denboraldia amaitu baino lehen NBAra itzuliz gero, soldata horren herena jasoko luke, milioi erdi dolar inguru (346.000 euro inguru). Bada aldea, beraz.
Williams eskertuta azaldu zen Baskoniak emandako aukerarekin. «Europara etortzeko aukera eman dit, eta, gainera, urtero titulu guztiak irabazteko lehian aritzen den puntako talde batera. Europako elitean dago».
«Egokituko naiz»
Williamsek egun batzuk daramatza entrenatzen, eta «nahiko ondo» egokitu da. «Jokaldi berriak ari naiz ikasten. NBArekin alderatuta, ezberdina da hemengo jokoaren estiloa, baina Europan jokatu dut [Frantzian], eta ez dut uste egokitzeko arazorik izango dudanik». Prest da «entrenatzaileak eskatzen diona» egiteko. «Puntu asko sartzera ohituta nago, baina taldekideak jokaraztea ere gustuko dut. Ez dit axola taldearengatik sakrifikatzeak».
Reggie Williams: «Denboraldia amaitu arte jokatzeko nago hemen»
NBAn greba bertan behera geratuta ere, Baskonian jarraitzeko prest azaldu da eskolta estatubatuarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu