Beñat Rezustak buruz buruko finalerdiak jokatuko ditu bigarrenez, azkenekoz halakorik egin eta lau urte gerora. Bergarako (Gipuzkoa) atzelariak nagusitasun osoz irabazi dio gaur Danel Elezkanori, Idiazabalen (Gipuzkoa), final-laurdenetako lehen partidan: 22-8. Rezustak Mikel Urrutikoetxea edo Iñaki Artola izango du aurkari finalerdietan. Baikoko bi pilotariak igandean ariko dira, Bilbon.
Erakustaldia eman du Rezustak, eta ez dio aukerarik eman Elezkano II.ari. Hankapean ibili du une oro. Dena egin du era ikusgarrian: pilota jo; gurutzatu; eta tantoa amaitu, dejadaz, horma-bikoz eta boleaz. Hamabost egin ditu guztira. Erne harekin. Sasoiz eta konfiantzaz lepo dago.
Bihar beste finalerdia geratuko da zehaztuta. Final-laurdenetako bi lehia jokatuko dituzte Donostian (17:30, ETB1): Jose Javier Zabaleta, Dario Gomezen aurka; eta, Joseba Ezkurdia, Jokin Altunaren kontra. Irabazleak elkarren aurka ariko dira.