Duela bi aste jokatu zuten Deportivok eta Osasunak azken aldiz elkarren aurka, eta, Ligan Riazorren ikusitakoaren arabera, bi taldeek asko hobetu beharra daukate oraindik. Hala ere, une honetan Osasuna apur bat hobexeago dago, Galiziako taldea jaisteko postuetan baitago. Orain bi asteko partida hutsean amaitu zen, baina Osasuna jokalari bat gutxiagorekin aritu zen ordubetez, eta aukera onenak gorritxoentzat izan ziren. Gainera, harrezkero jokatutako jardunaldi bakarrean Osasunak 3-0 menderatu zuen Malaga, eta Deportivok, berriz, jipoia hartu zuen Anoetan (3-0).
Aldarteari dagokionez, behintzat,Osasunako jokalariak Deportivokoak baino hobeto iritsiko dira gaurko partidara (21:00). Hargatik, Kopak Ligarekin zerikusirik ez duela izaten gogoratu dute badaezpada bi taldeetako entrenatzaileek partida bezperan. Joaneko lehian kanporaketa erabakita uztea zaila izango den arren, azaroaren 10ean Riazorren jokatuko den itzuliko partidara abantailarekin iritsi nahi du Osasunak, eta horretan ahaleginduko da gaur.
«Ezohiko jokalariek jokatzeko aukera izango dute, eta partida hauek aprobetxatzea beharrezkoa da jokalariontzat. Deportivo aurkari gogorra da, Lehen Mailako talde indartsu bat da, une honetan jaisteko postuetan egonagatik. Kanporaketa berdinduta ikusten dut. Joanekoan golik ez jasotzea da gakoa, eta ahal bada, partida irabaztea», adierazi zuen atzo Jose Antonio Camachok. Ligako azken partidarekin alderatuta, zazpi aldaketa egingo ditu Osasunako entrenatzaileak, eta Riesgok eta Callejak lehen aldiz jokatuko dute sasoi honetan.
Riazorko partidarako aldea lortu nahi du Osasunak etxean
Camachok zein Lotinak ezohiko jokalariei emango diete Kopako final-hamaseirenak gainditzeko ardura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu