Riccardo Ricco Saunier Duval taldeko txirrindulariak ere positibo eman du, EPOagatik, L'Equipe-ren webak dioenez, eta haren taldeak utzi egin du Frantziako Tourra.
AFLD Dopinaren Kontrako Frantziako Agentziak positiboaren berria baieztatu du, eta zehaztu du uztailaren 3an eta 4an egin zizkioten kontrolen ondoren erabaki zutela hari berriro analisiak egitea. Hilaren 4ko kontrolean eman zuen positibo; laugarren etapan, Cholet-Cholet erlojupekoan.
Sailkapen nagusian bederatzigarren zegoen Ricco (Italia, 24 urte), Cadel Evans liderretik 2.29ra, eta aurten Tourrean bi etapa irabazi ditu -seigarrena eta bederatzigarrena-. AFLDk azaldu duenez, italiarrak CERA (Erythropietina Jarraian Hartzeko Aktibatzailea) gai debekatua erabili du, merkatuan berriki jarritako EPO mota bat. L'Equipe-k dioenez, guzira bost bider egin dizkiote kontrolak azkenaldian, eta Riccok "modu mikatzean" egin zien aurre AFLDkoei, hainbeste kontrolekin haserre.
Saunier Duvalek Leonardo Piepolirekin ere irabazi du beste etapa bat aurtengo Tourrean; hamargarren etapa, lehengo igandean, Hautacamen. Riccoz gain, Juan Jose Cobo ere hamar lehenen artean zeukan sailkapen nagusian: zortzigarren, 2.10era. Taldeka, berriz, hirugarren zegoen Saunier Duval, CSC liderretik 10.11ra.
Beste bi positibo aurtengo itzulian
Moises Dueñasek (Barloworld) ere positibo eman zuela jakin zen atzo, eta atxilotu egin zuen Frantziako Poliziak, Tourrean positibo eman duela egotzita, eta gaur arte polizia etxean eduki dute, Tarbesen (Okzitania). Herri horretako epailearen aurrera eraman dute, deklara dezan. Berri agentziek diotenez, Dueñasek aitortu egin du EPOa hartu izana, eta taldeko medikuek ez zekitela ezer. Epaileak auzipetu egin du eta, ondoren, bermerik gabe libre utzi du.
Atzo hoteleko bere gelan debekatutako produktuak atzeman zituela esan zuen Poliziak, eta txirrindulariak horregatik gehienez bi urteko kartzela zigorra eta 75.000 euroko isuna jaso dezake.
Tourretik bidali egin zuten, atzo bertan. Laugarren etapan egindako kontrolean eman zuen positibo -Choleten bukatu zen orduan etapa-.
Txirrindularia ondo zebilen Tourrean. Hemeretzigarren zegoen sailkapen nagusian, Cadel Evans liderretik sei minutu eta 43 segundora.
Espainiarra da, 1981ean jaiotakoa. 2004an egin zuen debuta profesionaletan, Relax-Fuenlabrada taldearekin. Bi urte egin zituen han. 2006an Etorkizuneko Tourra irabazi zuen, iaz Regioko Tourra, bietan Agritubel taldean zela. Aurten du lehen urtea Barloworlden.
Lehengo astean beste espainiar batek utzi behar izan zuen Tourra, EPOagatik positiboa emanda: Manuel Beltranek (1971). Liquigas taldeko kidea da.
Txirrindularitza
Riccardo Riccok ere positibo eman du, eta Saunier Duval taldeak utzi egin du Tourra
EPO mota batengatik eman du positibo. Bi etapa irabazi ditu Saunier Duvaleko txirrindulariak. Moises Dueñas, berriz, atzotik gaur arte eduki dute polizia etxean; epailearen aurrean aitortu egin du EPOa hartu izana eta, auzipetuta, bermerik gabe libre utzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu