Ricardo Riccok (Saunier Duvalekoa) irabazi du Frantziako Tourrean mendiko lehen etapa, lasterketaren seigarrena. Aurreko egunotan bezala, esprintean erabaki da etapa, gaurkoan malda goiti. Bigarren Alejandro Valverde (Caisse D'Epargne) geratu da, segundu batera, eta Cadel Evansek (Silence-Lotto) lortu du podiumeko hirugarren tokia. Bigarrenaren denbora berean sartu da.
Irabazletik lau segundora iritsita, Kim Kirchenek (Columbia taldekoa) hartu du elastiko horia, orain arteko liderrari, Stefan Schumacherri (Gerolsteiner), kenduta. Honek beste txirrindulari batzuekin erorikoa izan du helmugatik metro gutxira, baina ez du zauririk hartu. Haatik, elastikoari oraingoz agur esan behar izan dio.
Gaurkoan mendiko lehen etapari egin diote aurre txirrindulariek, bigarren mailako mendatean bukatu baita: Super Bessen. 11 kilometroko igoera da eta, batez beste, %4,7ko maldak ditu; azken kilometro eta erdia %10ekoa da. Aurretik, maila bereko Croix-Morand igo dute.
Seigarren etapa izan dute -Aigurande-Super Besse, 195,5 kilometro- eta Erdialdeko Mendigunean barrena ibili dira txirrindulariak.
Bihar korrituko dute zazpigarren etapa: Brioude-Aurillac (159 kilometro). Bigarren mailako bi mendate izango dituzte, hirugarrengo bi eta laugarrengo bat.
Igandean hasiko dira Pirinioak. Hilaren 27an bukatuko da Tourra.
Txirrindularitza
Riccok irabazi du Tourreko seigarren etapa
Mendiko lehen etapan Valverderi eta Evansi nagusitu zaizkio, esprintean. Kirchenek hartu du elastiko horia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu