Txirrindularitza

Riccoren maletetan atzemandako gaiak aztertzen ari da Jendarmeria

EPOrengatik Tourreko 4. etapan positibo emateagatik erretiratutako txirrindulariak bere maletetan dopinerako gaiak dituen jakin nahi du Poliziak. Ricco eta Leonardo Piepoli taldekidea Saunier Duval taldetik bota dituzte, "taldearen kode etikoa" urratzeagatik.

2008ko uztailaren 18a
17:44
Entzun
Riccardo Ricco ziklista italiarraren maletetan aurkitutako hainbat gai dopinerakoak diren ikertzen ari da Frantziako Jendarmeria. EPOrengatik Tourreko 4. etapan positibo emateagatik erretiratzera behartu zuten atzo Ricco, eta gertatutakoa argitzen saiatzen ari dira poliziak eta haren taldea, Saunier Duval. Hain justu, talde osoa lasterketatik erretiratzea erabaki zuen atzo Josean Fernandez Matxin zuzendariak. Arratsaldean Saunier Duvaleko arduradunek jakinarazi dute hala Ricco nola honen taldekide Leonardo Piepoli taldetik kanporatu dituztela, "taldearen kode etikoa" urratzeaz akusatuta.

Riccori atzemandakoak dopinerako produktuak direla baieztatuko balute, gai pozoitsuak eduki eta erabiltzeagatik auzipetuko lukete. Delitu hori gehienezko bi urteko kartzelaldiarekin eta 3.750 euroko isunarekin zigortzen dute Frantzian. Ziklista gaur arratsaldean eramango dute epailearen aitzinera.

Hirugarren dopin kasua

Ricardo Ricco Saunier Duvaleko 24 urteko txirrindulari italiarrak positibo eman zuen hilaren 8an, Tourreko laugarren etaparen ondoren, EPOarekin. Atzoko etapa hasteko minutu gutxi falta zirela jakinarazi zuten albistea, Lavelaneteko irteeran bertan. Saunier Duvalek, oso-osorik, Tourra uztea erabaki zuen berehala. Hirugarren generazioko EPOarekin -CERA izenez ezaguna- eman du positibo Riccok. Taldeak arratsaldean jakinarazi zuenez, Tourreko antolatzaileek lasterketan jarraitzeko aukera eman zioten Saunier Duvali, baina, "eskaintza eskertu arren", euren kabuz Tourretik joatea erabaki zuten, "babesleen eta Tourraren irudia gehiago ez kaltetzeko". Egoera argitu arte ez dutela lasterketa bakar batean ere parte hartuko zehaztu zuen Saunier Duvalek.

Frantziako Dopinaren Kontrako Agentzia aspalditik zebilen Riccoren arrastoei segika. Izan ere, Tourra hasi bezperan egindako odol azterketetan hamar bat txirrindularik "ezohiko neurriak" eman zituztela jakinarazi zuten. Italiarra tartean zegoen. Riccok berezkoa du ohi baino hematokroti tasa altuagoa, eta UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna ere jakinaren gainean zegoen. Baina hori jakinagatik, susmoari segika, lehen 11 etapetan gutxienez lau kontrol egin zizkioten. Atxilotu eta asteazken gaua pasatu zuen hotelera eraman zuten Ricco, gela miatzera. Italiara bidean zihoan autobusa ere miatu zuten poliziek. Gaua polizia etxean pasatzekoa zen Ricco.

Hiru kolpe jaso ditu dagoeneko Tourrak. Manuel Beltran espainiarrak (Liquigas) eman zuen lehen positiboa, Tourreko lehen etapan; Moises Dueñas espainiarrak (Barloworld) bigarrena, laugarren etapan; eta Ricardo Ricco italiarrak (Saunier Duval) berak hirugarrena, laugarren etapan bertan. Hala ere, Riccorena izan da guztietan gogorrena, besteak beste, bi etapa irabazi dituelako Tourrean; erakustaldiak emanda, gainera. Seigarren etapan, Super-Bessen, Alejandro Valverde (Caisse d'Epargne) eta Cadel Evans (Silence-Lotto) utzi zituen atzean. Eta 9. etapan, Bagneres de Bigorren, eraso beldurgarria jo zuen Aspinen gora.

Italiarra bederatzigarren zegoen, gainera, sailkapen nagusian -Juan Jose Cobo taldekidea zortzigarren zegoen-, eta gazteen sailkapeneko eta mendiko sailkapenean ere lehen postuan zegoen. Azken urteotako dopin kasuen ondoren, txirrindularitza garbitzeko bidean, Ricco zen etorkizuneko gazteen ikurretako bat. Positiboaren berri izan eta berehala Saunier Duvalek kontranalisia eskatu duen arren, egun batetik bestera erori da ikur hori.

Moises Dueñasen aitorpena

Moises Dueñas espainiarrak onartu egin zuen atzo, epailearen aurrean, legez kanpoko substantziak zeuzkala eta medikuei ezer esan gabe hartzen zituela. Frantziako poliziek siringak eta transfusioak egiteko materiala aurkitu zituzten Dueñasen gelan, eta atzo aske utzi zuten arren, bi urteko espetxe zigorra jaso dezake, substantzia pozoitsuak edukitzeagatik eta legez kanpoko produktuak inportatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.