Oribe sei paralinpiar jokoetan lehiatu da, 1992tik hona jokatu diren guztietan, hain zuzen. Egongo dira zazpigarren batzuk? «Gustatuko litzaidake, noski», aitortu du. Berehala egin du zehaztapen bat haren entrenatzaileak. «Rio de Janeiro hor dago, eta noski, gustatuko litzaiguke han egotea. Baina ez dugu horrekin itsutu nahi. Denbora daramagu urtez urte lanean. Eta aurten ere hala egingo dugu. Aurtengo helburua munduko txapelketa da, uztailean, Glasgowen. Gero gerokoak».
Ia hogei urte daramatzate elkarrekin lanean Oribek eta De Aymerichek. Igerilariak «bigarren aitatzat» du entrenatzailea, eta harentzat «seme bat bezalakoa» da igerilaria. Horregatik aitortu du Oribek solasaldia hasi eta berehala «gaizki» pasatu duela azkenaldian, nahi baino gutxiago aritu delako betiko entrenatzailearekin lanean. Pisuzko arrazoia egon da horretarako. «Bihotzeko bat eman zidan iaz, eta denbora batez atseden hartu behar izan dut», azaldu du De Aymerichek. Oribek «gaizki» eraman du aldaketa. Espero zuten. «Aldaketak bereganatzea kostatzen zaio. Dena denboraz esan behar zaio. Baina halakoak, noski, ezin dira aurreikusi».
«Hitz egitea». Horren falta izan du Oribek De Aymerichen ordezkoarekin lanean. «Sekulako matrakak ematen ditu, eta ordezkoarekin ezin zuen halakorik egin, eta gaizki pasatu du. Gainera, Javier gabe, inprobisazio handia egon da, eta Richardek ez du hori gustuko. Dena nahi izaten du oso ordenatua. Hala du bere prestaketa osoa, ordenagailuan, izugarri txukun», azaldu du haren amak. Baina konpondu dute arazoa. Aurreko astean jada hurrengo asterako prestaketak jasotzen ditu orain.
Oribek gozatu egiten du gazteekin lanean. Hor ikusten du bere burua erretiroa hartzen duenean. «Ondo moldatzen da, eta garrantzitsuena dena, gazteek aintzat hartzen dute esaten diena, nik esaten diedana baino gehiago. Ez da gauza bera lodikote burusoil batek zerbait esatea edo historiako paralinpiar igerilari onenak esatea».
Rio de Janeiro: begi bistan bai, baina itsutu gabe
Olinpiar urtea da 2016a, eta Brasilen egotea gustatuko litzaieke Oriberi eta De Aymerichi. Ez dute, ordea, itsutu nahi. Jada hasi dira ere erretiroaren ostekoan pentsatzen. Oribek igeriketan jarraitu nahi du, gazteekin lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu