Futbola

Roberto Olabe: «Onenak izan nahi dugu egoera berezi honetan»

Taldearen helburua Liga berrekiten denean «hirugarren bukatzea» dela adierazi du Realeko futbol zuzendariak, onartu arren «zortzigarren» ere izan daitezkeela, baina mezu indartsua helarazi du agerraldi telematiko bidez kazetariei erantzun dizkien galderetan.   

jarraia182023.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko maiatzaren 28a
19:35
Entzun

Roberto Olabek «aukera» bezala ikusten du «ezohiko egoera hau», eta Ligari berrekiten zaionean, Realaren helburua «hirugarren bukatzea» izango dela adierazi du, onartu arren «zortzigarren» ere izan daitezkeela. «Onenak izan nahi dugu egoera berezi honetan». Mezu indartsua zabaldu du kazetarien aurrean modu telematikoan egin berri duen agerraldian. «Denboraldi polita ari zen izaten gelditu egin behar izan genuen arte, eta orain, nahiko genuke gure helburuak betetzea». 

Ez du data zehatzik eman Lehen Mailaren itzuleraz, baina behin baino gehiagotan aipatu du hasiera bezala ekainaren 14a Realaren kasuan, eta akabera bezala uztailaren 19a. Jakitun da «oso trinkoa» izango dela lehiaketa, egun gutxitan partida asko jokatu beharko dituztelako, eta ezinbestekotzat jo du bi aldagai hauetan lan ona egitea: «Emozioen kudeaketa eta partida batetik besterako errekuperazioa funtsezkoak izango dira». 

Espainiako Kopako finalaren inguruan ere aritu da, eta Realaren jarrera hasieratik zein izan den nabarmendu nahi izan du: «Oso garbi geneukan gure zalerik gabe ez genuela jokatu nahi. Kopa irabaztera goaz, baina zaleekin. Noiz jokatuko den finala ez zaigu axola, nahi duguna da gure zaleek ere gozatzea». 

COVID-19aren krisi honek klubetan eta fitxaketa merkatuan izango duen eraginaz ere aritu da, eta LFPk (Futbol Liga Profesionala) klubei bidali dien mezu argi baten berri eman du: «Talde guztiok dugu soldatetan muga bat, eta esan zaigu Lehenengo eta Bigarrengo Mailako taldeen gehiengoak muga horretatik pasata gabiltzala, eta kontuz ibiltzeko». Kontua da soldata muga horretan eragina duela talde bakoitzaren autofinantziazioak, eta orain diru sarrera hori geratuta eduki dutenez edota daukatenez neurri handi batean, soldaten mugaren neurritik gora geratu dira talde asko. «Reala ondo dago horretan, eta lasai gaude», esan du Olabek. 

Krisiak harrobiko lana egitera behartuko omen ditu klubak, eta horren aurrean, ondorengo gogoeta egin du: «Guri mesede egingo digu, baina Reala delako horrelakoa, eta lan horretan sinesten dugulako». Iruditzen zaio klubetan jokalari gazte gehiago egongo direla agian hemendik aurrera. 

Odegaarden jarraipenaz, «baikor»

Datorren denboraldiaz ere galdetu zaio, eta balizko hasiera baten data aipatu du: iraila erdialdea. Taldearen egituraketaz, Martin Odegaarden geroaz adierazi du «baikorra» dela: «Jokalariak erabakiko du, Realera etortzea erabaki zuen bezala azken unean, Bayer Leverkusenekin dena lotuta izan arren. Gustura ikusten dut, pozik da Realean». Real Madrilek utzita dago erdilari norbegiarra, eta hitzez bi taldeen artean bi denboraldirako Realean utzita aritzeko tratua omen dago, baina kontratuen eta antzekoen gainetik «jokalariaren erabakia» egongo dela esan du. Berez, maiatzaren 31 zen hiru aldeek datorren sasoiari begira erabakia hartzeko azken eguna, baina orain, dena atzeratu egin da: «Real Madrilekin harreman berezia daukagu, eta ez dugu data berririk jarri. Badakite nola dagoen jokalaria Realean, eta hizketan ari gara». 

Taldeak datorren denboraldian izango duen itxuraz, behin baino gehiagotan errepikatu du  hau: «Lehen taldeko oraingo jokalariak 23 dira, eta horiez gain, zazpi dauzkagu edo izan ditugu utzita beste taldeetan, eta Sanse (Reala B) ere hor daukagu. Hori izango da datorren denboraldiko taldearen oinarria». Hala ere, ez du aldaketarik baztertu: «Izango dira taldea utziko dutenak guk ez dugulako jarraitzea nahi; beste hainbatek utzita joan beharko dute;, eta ezin dut esan fitxaketarik ez denik egongo». Taldearen egituraketan datorren denboraldian Reala zenbat lehiaketetan ariko den kontuan hartzeko egoera izango dela gaineratu du. Martin Merkelanzen kasuan, «datorren denboraldian lehen taldean» ikusten duela esan du, «jokalari ona delako, eta onak gurekin nahi ditugulako». Dabid Zurutuzak eta Miguel Angel Moyak kontratua bukatzen dute, eta ez du ezer aurreratu bi horien kasuan. Azkenik, ez du beharrezkotzat jo Willian Jose eta Adnan Januzaj saltzea: «Biak daude gustura, eta Januzajen kasuan, gainera, asko ari da hobetzen eguneroko lanean. Konturatu behar du elitea ez zaiola zain egongo, eta berak joan behar duela elitearen bila. Bere esku dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.