Nicolas Rochek (Tinkoff-Saxo) direnak eta ez direnak egin lehen 220 kilometroetan, eta eraso bakarra jota irabazi du, azkenean, Michael Rogers taldekideak Italiako Giroko 11. etapa. Hasi eta bukatu, erasoka eta oso oldarkor aritu dira txirrindulariak, eta, etapa gogorrean, orduko 43 kilometrotik gorako batez bestekoa lortu du irabazleak. 23 txirrindulariko taldetxoa lehenengo, hamalaukoa gero, lau gero... Eraso gehientsuenetan tartean izan da Roche. Baina Julian Arredondorena (Trek) izan da lehen eraso serioa, Naso di Gatto bigarren mailako mendatean gora. Eta hogei kilometro pasatxo falta zirela mugitu da Rogers, kontraerasoan. Minutu erdiko aldeari eutsiz-eutsiz, bakar-bakarrik helmugaratu da, azkenean.
Diego Ulissi (Lampre) izan da eguneko galtzaile nagusia, lehen mendatean behera erori eta denbora dezente galdu duelako helmugan. Cadel Evansek (BMC) jarraitzen du lider, eta are lider sendoagoa izateko aukera dauka bihar, 41,9 kilometroko erlojupekoari aurre egin beharko diotelako txirrindulariek.