Pirinioetako azken etapa, izan da aurtengo Tourreko etaparik ikusgarriena. Primoz Roglic (Lotto Jumbo) gogotik saiatu da azken igoeran gora. Erasoekin, ordea, ez du lortu Geraint Thomas (Sky), Tom Dumoulin (Sunweb) eta gainontzekoak atzean uztea. Goitik beherakoan ere berak hartu du ardura. Zulo txiki bat zabaldu du eta Chris Froome (Sky) ez da ixteko gai izan. Eloveniarra bakarrik helmugaratu da, eta 19 segundora sartu da Mikel Landaren (Movistar) eta liderraren taldetxoa. Roglicek Froome pasatu du, eta hirugarren jarri da sailkapen nagusian. Eguneko galtzailea Nairo Quintana izan da: zazpi minututik gora galdu ditu. Geraint Thomasek, aldiz, lidertza sendotu du, sei segundoko gainsaria hartuta.
Ilnur Zakarinen Katuxa izan da etapak hartu duen bilakaera hartu izanaren erruduna. Ihesaldia urrunegi joan ez zedin gogotik egin dute lan. Tourmaletera iritsi direnean, erritmoa estutu eta Ilnur Zakarinek, Mikel Landak (Movistar), Rafal Majkak (Bora) eta Romain Bardetek (Ag2r) aurrera egin dute. Tropelean Sky ez da batere estutu, eta alde egiten utzi die. Mikel Landak bi taldekide zituen ihesaldian eta ezin hobeto baliatu ditu. Aurrena, Danielle Benattik errelebo ona eman dio Tourmaleten gora. Jarraian, Andrey Amadorrekin egin dute bat. Ihesaldiraino iristea lortu dute. Tartean zeuden, besteak beste, Gorka Izagirre (Bahrain), Mikel Nieve (Mitchelton) eta Bob Jungels (Quick Step). Hiru minututik gorako aldea izan dute. Egoera horretan, Mikel Landa podiumeko postuetan zen. Atzean, ordea, Lotto Jumbo larritu da. Robert Gesinkek (Lotto Jumbo) minutu terdi inguru jan dizkie. Azken igoeran gora amaitu da Mikel Landaren ahalegina.