Espainiako Vuelta

Roglicek erabakita utzi du Vuelta Covadongan

Etapa irabazi eta liderraren elastikoa jantzi du esloveniarrak, balentria eginez: Bernalek urrunetik jotako erasoari erantzun dio, eta bere legea ezarri du azken igoeran. 1.35 atera die beste faboritoei. Kuss izan da bigarren, eta Miguel Angel Lopez hirugarren.

enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 1a
17:39
Entzun

Dena alde du Primoz Roglicek (Jumbo) Espainiako Vuelta hirugarrenez irabazteko. Gauzak estu ziren sailkapen nagusian, baina lidertzaren lehia ia erabakita gelditu da Covadongako aintziretako etapa handian. Esloveniarrak sekulako anbizioa erakutsi du, Egan Bernalen (Ineos) atzetik atera baita azken-aurreko mendatean. Bidea egin dute elkarrekin, eta Covadongako igoeran balentria biribildu du Roglicek. 1.35eko atzerapenarekin helmugaratu dira gainontzeko hautagaiak, Sepp Kuss buru. Ametsetako etapa izan da Jumbo Visma taldearentzat. Eiking ere harro egon daiteke, elastiko gorria galdu arren, defentsa duina egin duelako. Movistar taldeari, ordea, gehiago egin ez izanaren arantza geldituko zaio.

Aurtengo Vueltako etaparik gogorrena zen gaurkoa: lehen mailako hiru igoera kateatu behar zituzten. La Collada Llomena birritan gainditu dute, eta aurreneko igoeran, ihesaldia osatzen saiatu dira txirrindulari ugari; besteak beste, Mikel Landa (Bahrain), Ion Izagirre (Astana) eta Mikel Nieve (Bike Exchange). Alabaina, saiakera guztiak ezerezean utzi ditu tropelak hurrengo igoerara bidean. Ineos taldeak erritmo bizia jarri du azpi-azpitik, Thomas Pidcock eta Pavel Sivakoven eskutik. Eiking atzean gelditu da, eta berandu gabe iritsi da Bernalen erasoa.

Helmugarako 60 kilometro luze gelditzen ziren oraindik. Kolonbiarra, baina, atzera begiratu gabe abiatu da. Roglicek berak erantzun dio, taldearen abarotik aterata. Tropelean irautea zatekeen apusturik seguruena esloveniarrarentzat. Arerio nagusiak aldamenean zituen: Enric Mas eta Miguel Angel Lopez (Movistar), eta Jack Haig (Bahrain). Bernal nahiko urruti zuen nagusian. Haatik, lasterketa apurtzeko hautua egin du. Lopez apur bat geroago abiatu da, Movistar ez zedin jokoz kanpo gelditu. Berandu zen, ordea. Aurreko bikotea 40 segundoko aldearekin iritsi da mendate gainera.

Eguraldiak ere kutsu epikoa eman dio etapari. Euria gogotik egin du, eta ondorioz, biderkatu egin da maldan behera lurrera joateko arriskua. Zernahi ere, ziztu batean jaitsi dira Bernal eta Roglic, eta joari eutsi egin diote azken mendatearen aurretik zegoen ordeka luzean. Errenta bi minututik gorakoa ere izan da une batzuetan; azkenean, 1.30eko abantailarekin hasi dira Covadongako aintziretako mendatea igotzen.

Bertan, Bernalek ordaindu egin du aurrez egindako ahalegina, eta amore eman du 7,5 kilometroren faltan. Roglicek, berriz, indar handiz jo du helmugarantz, eta kolpe handia eman mahai gainean. 2.22ra du orain Mas, 3.11ra Lopez, eta 3.46ra Haig. Bernal harrapatu egin dute beste liderrek, beraz, apenas atera duen etekinik; seigarren dago nagusian, 4.29ra. Edonola ere, ez du zertan damutu, zuen guztia utzi baitu errepidean. Bihar ere oso etapa gogorra jokatuko da, Gamoniteirura bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.