Euskal Herriko itzulia

Roglicek hartu du agintea

Esloveniarra nagusi izan da Itzuliko lehen etapan, erlojupekoan, eta aldendu egin ditu arerio nagusiak. Ion Izagirrek minututik gorako galera izan du. Alex Aranburu bederatzigarren izan da, 30 segundora.

enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 5a
18:27
Entzun

Modurik onenean hasi du Itzulia Primoz Roglicek (Jumbo Visma), Bilboko erlojupekoa irabazi eta gainerako hautagaiei alde handiak aterata. Saio motza zen, 13,5 kilometrokoa, eta bi aldapa zituen: bata hasieran, Begoñatik Santo Domingora iristeko, eta bestea bukaeran, Etxebarria parkeko helmugara heltzeko. Bada, maldetan ez, tartean zegeon sasi-ordekan eta maldan behera ezarri ditu aldeak Roglicek, garapen luzeak indarrez mugituta. Bigarren Brandon McNulty (UAE) izan da, bi segundora, eta hirugarren Jonas Vingegaard (Jumbo Visma), 18ra.

Hautagai nagusien artean, Tadej Pogacar (UAE) eta Adam Yates (Ineos) hurbildu zaizkio gehien Roglici, 28 segundoko atzerapenarekin. Mikel Landa (Bahrain) hainbestean aritu da, eta eskas Ion Izagirre (Astana). 49 segundora sartu da bata, eta 1.09ra bestea. Ormaiztegiarrari asko zaildu zaio 2019ko txapelari eusteko erronka.

Oso goiz abiatzeko hautua egin du Roglicek. Jumbo Visma taldeko lehena izan da ateratzen, ordu biak eta laurdenean. Fokuetatik kanpo, oso saio txukuna osatu du, indarrak bikain neurtuta. 17 minutu eta 17 segundoan gelditu du kronometroa, eta urrun izan dira handik gutxira helmugaratu diren hautagaiak: 31 segundora Maximilian Schachmann (Bora), 36ra Wilco Kelderman (Bora), 39ra Pello Bilbao (Bahrain) eta Jakob Fuglsang (Astana), 45era Richard Carapaz (Ineos), 47ra Emanuel Buchmann (Bora)…

Indar betean hasi du erlojupekoa Jumbo Vismak. Izan ere, Vingegaard izan da esloveniarrari hasieran gehien hurbildu zaiona, eta hirugarren Tobias Foss jarri da, 24 segundo galduta. Halere, beste talde batzuek ere eman nahi izan dute mahaian kolpea. Astanan, adibidez, 40 segundo galdu ditu bakarrik Omar Frailek, eta 30 Alex Aranburuk. Erreferentzia onak ziren Ion Izagirrek egin zezakeenari begira.

Pogacar irten aurretik, McNultyrekin bidali du abisua UAE taldeak. Estatubatuarrak bost segundoan ondu du Roglicen denbora tarteko mugarrian, eta helmugan bi segundo eskaseko atzerapena izan du. Yates bi segundora hurbildu zaio esloveniarrari Santo Domingoko aldapa igota, baina 28 segundo utzi ditu helmugan. Beste hautagai askok bezala, behera egin du ibilbidearen zatirik samurrenean, potentzia jokoan sartu denean. Horixe bera gertatu zaio Pogacarri. Hura izan da irteten azkena, Roglic baino hiru ordu geroago. Mugarrian bi segundo atera dizkio herrikideari, baina hark ere 28 segundo galdu bukaeran.

Atzerapen handiagoa izan du Landak, 49 segundora helmugaratuta. Dezenteko galera da garaipenaren borrokari begira. Bere txarrean, faborito gehienen inguruan ibili da. Alejandro Valverdek (Movistar), adibidez, 43 segundo galdu ditu. Izagirre bera baino hobea izan da Landa. Aurrean egoteko eguna zuen ormaiztegiarrak, baina kale egin du.

COVID-19aren mehatxua

Hiru txirrindularik utzi dute lasterketa erlojupekoari ekin aurretik, koronabirusa hedatzeko beldurrarengatik. Lehena Qhubekako Sergio Henao izan da, positibo batekin harreman zuzena eduki izanagatik. Negatibo eman du egin duen azken PCR proban, baina lasterketa utzi beharrean izan da. Kern Pharmako Kiko Galvanek, berriz, hiru kontrol gainditu ditu azken zortzi egunetan, baina ondoezik sentitu da, eta baztertu egin du taldeak. Baita Marti Marquez ere, Galvanen burbuilakidea. Nafarroako taldeak etxerako bidea hartu behar izan zuen Kataluniako Voltan, bi positibo atzeman ostean.

Lehen etapa eta sailkapen nagusia

1. Primoz Roglic (Jumbo)    17:17
2. Brandon McNulty (UAE)      2ra
3. Jonas Vingegaard (Jumbo) 18ra
4. Tobias Foss (Jumbo)          24ra
5. Tadej Pogacar (UAE)          28ra  
6. Adam Yates (Ineos)           d.b.
7. Patrick Bevin (Israel)         d.b.
8. Ide Schelling (Bora)           29ra
9. Álex Aranburu (Astana)   30era
10. Max. Schachmann (Bora)  31ra

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.