Euskal Herriko Itzulia

Roglicek irabazi du Itzulia

Esloveniarrak irauli egin du lasterketa Arratera bidean, UAE taldeari lehia taktikoa irabazita. Gauduk irabazi du etapa. Roglicen atzetik, Vingegaardek eta Pogacarrek amaitu dute podiumean.

jarraia196074.jpg
enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 10a
18:11
Entzun

Primoz Roglicek (Jumbo) bigarrenez irabazi du Euskal Herriko Itzulia, etapa epiko eta bortitz batean. Hasiera-hasieratik izan da borroka bizia, eta kaosa baliatuz, esloveniarrak buelta eman dio sailkapen nagusiari. Aurrean sartu da Gorlan behera Alex Aranburuk (Astana) eragin duen etenean, Brandon McNulty (UAE) liderra eta haren taldekide Tadej Pogacar ez bezala. Krabelinen bizi abiatu da Roglic, David Gaudu (Groupama) eta Hugh Carthyrekin (Education) batera, eta helmugan 34 segundo atera dizkio Pogacarrek gidatu duen taldeari. Itzulia zegoeneko poltsikoan zuela, Arraten etapa irabazten utzi dio Gauduri.

Itzulia modu paregabean bukatu du Jumbo Visma taldeak, jokoan ziren maillot guztiak irabazi baititu: liderrarena, mendikoa eta erregulartasunarena Roglicekin, eta gazterik onenarena Jonas Vingegaardekin. Norvegiarrak, gainera, bigarren postua lortu du sailkapen nagusian; Roglicengandik 52 segundora amaitu du lasterketa. Hirugarren, berriz, Pogacar izan da, herrikidearekiko 1.07 galduta. Pello Bilbao (Bahrain) izan da posturik onena lortu duen euskal herritarra: seigarren izan da azkenean, lidergotik 1.28ra. Mikel Landak (Bahrain) zortzigarren izan da, eta hamargarren Ion Izagirre (Astana).

Arrabolan gorputza berotu, eta etapa arrapaladan hasi dute txirrindulariek. Hiru mendate zeuden lehen hogei kilometroetan: Arribinieta, Elkorrieta eta Azurki. Arribinietan erritmo itogarria jarri du Movistarrek, eta inork ezin izan du tarterik zabaldu. Elkorrietan, aldiz, ihes egin dute Patrick Bevinek (Israel), Cristopher Juul Jensenek (Bike Exchange) eta Antwan Tolhoekek (Jumbo). Azurkin, ezinean gelditu da Juul Jensen, eta bost ziklista batu zaizkie Bevini eta Tolhoeki: Carthy, Omar Fraile (Astana), Enric Mas (Movistar), Richard Carapaz (Ineos) eta Ben O’Connor (AG2R). Lehen galbahearen ondoren, beraz, zazpi txirrindulari gelditu dira lasterketa buruan; tropelean 40 inguru besterik ez ziren gelditzen. UAEk hartu du lema.

Gorla igo behar zuten hurrena. Zirrara handituz zihoan. Txinparta piztu du Alejandro Valverdek (Movistar), baina haren gurpilera berehala irten da Roglic. Urduritasuna sortzeko mugimendua izan da, lasterketa apurtzekoa baino gehiago. Bien bitartean, tropeletik irteten jarraitu dute bigarren mailako aktoreek; esate baterako, Mark Padunek (Bahrain), Carlos Veronak (Movistar), Sam Oomenek (Jumbo) eta Marc Hisrchik (UAE).

Jaitsieran egin du eztanda lasterketak. Bezperan egin bezala, maldan behera erakustaldia egin du Aranburuk, gurpilean Izagirre zuela. Ezkiotarraren joak etena eragin du onenen multzoan. Aurrean ziren Roglic, Landa eta Alejandro Valverde (Movistar); ez, ordea, McNulty, Pogacar, Bilbao, Vingegaard eta Adam Yates (Ineos). Egoera ideala zen Roglicentzat, lan egitera behartu baitu Pogacar. Esloveniarrak hartu du jazarpenaren ekimena, gerora ezinak jota gelditu den McNultyren mende jarrita. Aurrean ziren liderrek, ordea, taldekideak zituzten tira egiteko, ihesaldiarekin bat egin ostean. Estrategiaren partidan, xake mate egin dio Jumbok UAEri.

Krabelinen magalean 40 segundoko errenta zuen Roglicen multzoak. Eguneko mendaterik gogorrena zen Krabelin, eta lasterketa are gehiago apurtu da bertan. Atzean gelditu da Bilbao, eta segidan, McNulty lehertu da. Orduan, indarrez egin du aurrera Pogacarrek, eta hamabost segundo eskasera hurbildu zaie lasterketa buruan zirenei. Belarriak tentetu zaizkio Roglici, eta gogortu egin du erritmoa. Hainbeste, ezen Carthyk eta Gauduk jarraitu ahal izan baitute bakarrik. Ahaleginean ito egin dira Landa eta Valverde, eta harrapatu egin ditu Pogacarrek, gurpilean Vingegaard, Yates eta Mauri Vansevenant (Deceuninck) zituela. Gainean, minutu erdikoa zen aldea. McNultyk, berriz, minututik gorako atzerapena zuen jada.

Errenta handitu egin du Roglicek beherakoan. Erreleborik eskatu gabe jaitsi da, erlojupekoa egiten ari balitz bezala. Ordekara iristean, elkarlanari lotu zaizkio Gaudu eta Carthy, etapa garaipena amets. Atzean, aldiz, ez zegoen akordio handirik. Bateko erasoa, besteko geldialdia… Eta aliantzarik ez. Horri esker, atzetik aurrera egin dute, besteak beste, Bilbaok eta Izagirrek. Igo dute Trabakua, gainditu dute Ermuara bidean zegoen zati gogaikarria, eta Usartzara 45 segundoko aldearekin iritsi da aurreko hirukotea.

Gauduk erasoa jo du helmugatik sei kilometrora. Jarraitzeko gai izan da Roglic, baina ez Carthy. Helmugan, etapa irabazten utzi dio esloveniarrak frantziarrari. Nahikoa zuen sari nagusia lortuta. Hirugarren Valverde izan da, Yates, Pogacar eta Vingegaarden denbora berarekin. Bilbao zazpigarren izan da, 1.03ra, eta bederatzigarren Landa, 1.05era.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.