Txirrindularitza

Roglicek irabazi du Vuelta, bigarrena jarraian

Ikuslerik gabeko lasterketako azken etapa Pascal Ackermannek irabazi du, berriz ere Bennet irlandarrarekin esprint estua jokatuta. Richard Antonio Carapaz bigarren geratu da azken podiumean, Roglickengandik segundo gutxira.

Roglic, garaipena ospatzen, Madrilen. KIKO HUESCA / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 9a
09:22
Entzun

Primoz Roglic 31 urteko Esloveniarrak berriz irabazi du Espainiako Vuelta. Iaz nagusi izan zen podiumean, eta aurten ere bai. Aurtengoa pandemiaren Vuelta izan da, eta ez da ikuslerik egon Roglicen balentriaren zuzeneko lekuko izateko. Pascal Ackermann alemaniarrak (Bora Hansgrohe) irabazi du azken etapa. Aguilar de Campoon ere nagusi izan zen.

Parisko mina arindu du Roglicken Madrilen. Izan ere, Frantziako lasterketa azken egunean galdu zuen, beste esloveniar baten mesedetan: Tadej Pogacar. Baina Vueltan sekulako lana egin du. Lau etapa irabazi ditu, erregularrena izan da, eta ondo kalkulatu du lasterketa.

Ibilbide interesgarria du Roglicek. 22 urtera arte, eskiak izan ziren haren kirol nagusia. Munduko txapeldun izan zen, baina 2012. urtean utzi egin behar izan zuen, min hartuta. Gero heldu zion bizikletari, korrika egitea baino gustukoagoa zuelako. Gurpil gainean hasi eta zortzi urtera hasi zen lasterketa handiak irabazten, Euskal Herriko Itzulia tartean.

Jumbo-Visma taldeko txirrindulariak bere kideei eskaini die garaipena. «Sasoi zaila izan da, eta egun latzak eduki ditugu, baina horrela amaitzea berezia izan da», esan du Madrilen.

Ackermannek esprintean irabazi du azken etapa. Sam Bennettekin estu ibili da horretan. Pozik agertu da alemaniarra bere «benetako» lehen garaipena izan delako Vueltan. Izan ere, aurreko etapa ere Sam Bennetti irabazi zion, nahiz eta irlandarren atzetik helmugaratu. Izan ere, epaileek hura deskalifikatu egin zuten. Madrilgo garaipena oso estua izan da, eta txirrindulari alemaniarrak berak esan du azken marra gurutzatu ondoren ez zekiela nork irabazi zuen. «Sami [Benneti] galdetu diot gutako zeinek irabazi duen, eta biok genuen zalantza».

Richard Antonio Carapaz ekuadortarra bigarren postuan geratu da podiumean. Estu-estu ibili dira Roglic eta Carapaz Vueltan. Ekuadortarra sailkapeneko buru izan da bost egunez, baina esloveniarrak segundoak kendu dizkio.

Hirugarrena aurtengo ustekabea izan da: Iruñean bizi izan zen Hugh Carthyk (EF) eskuratu du postua. «Oso pozik nago emaitza honekin, eta baita taldeko kide guztiak ere. Uste dut ustekabea izan naizela, eta jauzi handia eman dut neure ibilbidean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.