Txuri-urdinen egoeran, zaila da ezer berririk esatea. Jokoaren inguruko hausnarketarik egitea ere ez du merezi. Egia da azken jardunaldietan hoberantz egin eta lehiakortasun handiagoa erakutsi dutela, baina puntuak batu ezean jai daukate. Hamasei partidatik bederatzi derrigor irabazi behar dituen taldearen jarduna epaitzeko modu bakarra dira matematikak. Mikel Alonso eta Gaizka Garitano sartu ditu Lotinak deialdian.
«Iazkoa ez zela egun bateko kontua izan erakutsi nahi nuen»
IÑIGO DIAZ ZERIO Realeko jokalariaJokatzen ari zela hartu zuen min. Osatu da, baina ez du jokatzen. Kezkatuta dagotaldearen jardunarekin,eta kezkatuta lagundu nahi eta ezinagatik.
XABIER LOPETEGI
Donostia
Abenduan meniskoan min hartu eta ebakuntza egin behar izan zioten Iñigo Diaz Zeriori. Hamar egun eman behar izan zituen etxean geldirik: «Telebistan zegoen guztia ikusi nuen; kirola, saioak, musika... Harmailetan baino okerragoa da partida telebistan ikustea. Keinuka ibiltzen zara; ematen du zelaian egongo bazina Maradona izango zinela». Ohi bezain umoretsu eta natural mintzo da, eta baikortasun hori kutsatzen saiatu da: «Ezin dugu amore eman matematikek kontrakoa esan arte. Jendeak ez dezala zalantzarik izan dena emango dugula; guretzat oso garrantzitsua da ez etsitzea».
Nola ekingo diozue partida erabakigarri honi?
Hiru puntuak ekartzeko konfiantzarik handienarekin. Hirunaka batzen hasi behar dugula pentsatzen hasi behar dugu; tarterik ez dugu dagoeneko galtzeko. Denbora gainera etortzen ari da. Sevillan lortutako puntua ona zen Real Madrili irabaziz gero, baina galdu ondoren ez dauka horrenbesteko baliorik. Badakigu geratzen zaizkigun partiden erdiak irabazi behar ditugula eta zaila dela, baina gauza zailagoak ikusi izan dira futbolean.
Ez al da miraria hori?
Bi partida baino ez ditugula irabazi ikusita, badirudi baietz, baina bi garaipen kateatuta borrokan sartuko ginateke, eta hori sinetsita nago. Recreativo eta Deportivoren aurkako partidak ditut buruan. Etorkizuna baldintzatuko dutela uste dut.
Nola ikusi duzu Recreativo?
Aurtengo ustekabea da niretzat. Sufritzen ibiliko zela pentsatzen zuten gehienek, baina jokalari onak bildu dituzte zelaierdian, atzean sendo dabiltza eta aurrealdean goleatzaile onak dauzkate. Talde orekatua egin dute, eta zaila izango da. Ez dugu ahaztu behar Santiago Bernabeun 0-3 irabazi zutela eta futbolean oso ondo aritzen direla.
Reala zer iruditu zaizu azken boladan?
Asko hobetu zuen atzealdean, sendotasun handia lortu zuen, baina bi partidatan jarraian hori galdu eta orain ematen du sendotasun horretara itzultzen ari garela. Hala ere, argi dago horrekin ez dela nahikoa partidak irabazteko. Nik min hartu baino lehen golak sartzea falta zitzaigun, eta orain antzera gaude.
Zergatik hori?
Sendotasuna lortu nahian buru- belarri aritu gara, eta baloiarekin ez daukagu konfiantzarik: asko galtzen ditugu pase errazetan, eta aukerak ez ditugu erraz sortzen. Gainera, sortutako apurrak zorte txarragatik edo gauzak ez direlako ondo ateratzen huts egiten ditugu, eta hori guztia zama handi bihurtu zaigu. Hogeita bi jardunalditan hamahiru gol sartzea oso marka eskasa da. Normala da horrela behean egotea.
Nola bizi duzue taldeko aurrelariek egoera hori?
Atezainak eta aurrelariak bereziak gara, ardura berezia daukagulako. Gure lana golak sartzea da, eta kezkatuta gaude, jakina, gure lana delako eta ez garelako betetzen ari, baina ez dugu itxaropena galdu behar. Kovacevicek, Skoubok eta Herrerak erakutsi dute Realean eta beste taldeetan goleatzaile onak direla, eta zergatik ez dugu, bada, bolada ona hasiko?
Taldeak konfiantza handiagoa ematen du orain, baina, Lotinak esan bezala, beti dago irabaztea oztopatzen dion zerbait. Zergatik?
Kontua ez da hobeto edo okerrago jokatzea: orain, hiru puntuak biltzea da garrantzitsuena. Osasunaren aurka, adibidez, ez genuen oso partida onik egin, baina irabazi egin genuen, eta horrek balio du. Sinatuko nuke Recreativoren aurka gauza bera gertatzea.
Itxaropenari eusten diozue?
Jakina. Gure artean ez dago arazorik, eta hori egoera horietan oso zaila da. Egia da Athleticen aurkako partida galtzean animoa beherantz joan zela, hiru talde behean sartzeko aukera ona galdu genuelako, baina buelta eman diogu.
Aurreneko urtea duzu lehen taldean. Zer moduz eraman duzu egoera?
Berria da niretzat. Zelaian askotan badirudi lotuta gaudela, eta uste dut presioa eta beste ahaztu eta onena ematen saiatu behar dugula. Gozatzen saiatu behar dugu, egoera oso larria izan arren, eta guk egiten dakiguna egin. Zelaitik kanpo, denetarik entzuten duzu. Nire aldamenean daudenekin eta ematen didaten animo guztiarekin gelditzen naiz, gauza negatiboak baztertu egin behar ditugulako.
Duela aste batzuk osatu bazinen ere, ez zara itzuli taldera. Kezkatuta zaude edo patxadaz hartzen duzu egoera?
Patxadaz inolaz ere ez [barrez]. Jokatzeko entrenatzen zara, eta ez duzunean jokatzen, haserretu egiten zara. Normala da; larriagoa izango litzateke ez haserretzea. Egia esan, kezka badut. Lau aste daramatzat jokatu gabe eta hiru deialdietan sartu gabe. Badakit jokatzeko aukera izatea orain garestiago dagoela; kanpoko aurrelariak etorri dira eta gauzak zailago daude, baina zain eta Realari laguntzeko prest nago.
Taldeko goleatzaile nagusia horrela egotea, behin-behinekoa izan arren, ez da oso ondo ulertzen...
Entrenatzaileak erabakitzen du. Nik ahalik eta ondoena entrenatzea baino ez daukat. Ateratzen naizenean, Realarentzat onena nahi dut, eta ni gabe ere, beste hainbeste.
Lesioa gainditzea gogorra egin zaizu?
Ezker hankan gauza bera izan nuen Sansen. Gihar lesiorik ez dut izan, eta espero dut bi menisko haustura hauek azkenak izatea. Bi hilabeterako neukan, eta bost astean osatu nintzen. Pozik, beraz. Lesioa duela hiru aste ahaztu nuen; orain beste kezka batzuk ditut [barrez]. Joan den astean nekea sumatu nuen, baina fisikoki ondo nago orain.
Izan dituzun aukerak ia beti aprobetxatu duzu...
Badakit jokalari gisa zer daukadan eta zer falta zaidan. Realari lagundu nahi nion golekin, nire lana delako, eta joan den urtekoa egun bateko gauza ez zela izan erakutsi nahi nion jendeari. Egia esan, denboraldi-aurrean lehen taldean gelditzea zen nire kezka, eta gol bat sartzea izugarria iruditzen zitzaidan, baina gero bat sartu eta beste bi nahi dituzu. Reala dagoen bezala ezin pozik egon; asko falta da, baina arlo pertsonalean denboraldia nahiko ondo doala uste dut. Lesioak ez dira inoiz une egokian iristen, baina finen nenbilenean iritsi zitzaidan niri.
Jar gaitezen hipotesirik ezkorrenean: ikusten al du Iñigo Diaz Zeriok bere burua Realarekin Bigarren Mailanjokatzen?
Jaisteko aukera hor dago. Horrekin bizi behar dugu, hori saihesteko tartea izan arren. Garbi daukat Reala bigarren mailara baldin badoa ez daukadala inongo asmorik hemendik mugitzeko. Hortik aurrera, Reala Lehen Mailara lehenbailehen itzultzea eta hori ospatzea izango litzateke nire ametsa.