Romaredan jokatuko du Realak Espainiako Kopako finala

Finala maiatzaren 18an jokatuko da, 19:00etan, eta Natalia Arroyok zuzentzen duen taldeak Bartzelona izango du aurkari. Estadioan 30.000 zale kabitzen dira. Añorgak han irabazi zuen titulua 1991n.

Realeko jokalariak Kopako finalerako sailkatu izana ospatzen.
Realeko jokalariak Kopako finalerako sailkatu izana ospatzen. JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko apirilaren 9a
13:00
Entzun

Argitu da. Zaragozan jokatuko du Realak Espainiako Kopako finala. Maiatzaren 18an izango da, 19:00etan, eta Natalia Arroyok zuzentzen duen taldeak Bartzelona izango du kontrario. Hilabete pasatxo falta da finalerako, baina Espainiako Federazioak gaur arte ez du erabaki non jokatuko den. Romaredan 30.000 zalerentzako tokia dago. Aurretik bi final jokatu dira han; tartean, Añorgak 1991n irabazi zuena.

Talde txuri-urdinak martxoaren 13an lortu zuen finalerako sailkatzea. Atletico Madril hartu zuen mendean, finalerdietan, joan eta etorriko kanporaketan. Joanekoan, Madrilen 1-1 berdindu zuten. Amaiurrek sartu zuen Realaren gola. Itzulerakoan, berriz, 2-1 irabazi zuen Realak, Anoetan. Franssik eta Jensenek sartu zituzten golak. 15.000 zale joan ziren partida ikustera. Lehiaketa bikaina egin du Realak finalera iristeko. Izan ere, aurretik, final-laurdenetan Levante utzi zuen kanpoan. Levante Espainiako ligako talderik indartsuenetako bat da. Gainera, kanporaketa partida bakarrera jokatu zen, Valentzian. Levante aurretik jarri zen, baina azkenean txuri-urdinek partida irauli zuten, Franssiren eta Vanegasen golekin.

Bartzelona, berriz, azken urteetako talderik indartsuena da. Denboraldi osoan ez du partidarik galdu, eta egungo ligako eta Europako txapelduna da. Izarrez betetako taldea da. Ligan, Bartzelonak 3-0 irabazi zion Realari Johan Cruyff futbol zelaian, eta Zubietan ere Herrialde Katalanetako taldea gailendu zen: 1-7. Baina, 2019an egin zuen moduan, Reala ezustea ematen ahaleginduko da. Orduan ere ez zen faborito, Atletico Madrilen aurka, baina garaipena lortu zuen: 1-2. Orduan finala Granadan jokatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.