Roversiok hilabete beharko du osatzeko, giharretako lesioa tarteko

Izterreko beste lesio batengatik bi partida galdu ondoren, Athleticen aurka berragertu zen atzelaria

Erredakzioa
Iruñea
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Giharretako arazoak berriz ere. Roversio Rodriguesek, Osasunako erdiko atzelari brasildarrak, berriz ere min hartu zuen joan den astelehenean, Athleticen aurkako partidan, eta hiruzpalau aste beharko ditu osatzeko. Osasunako medikuek atzo egin zioten erresonantzia magnetikoa, eta ezker izterrean lehen mailako zuntz haustura daukala ikusi zuten. Hilabeteko tartean antzeko bi lesio izan ditu Roversiok.

Ligako lehen lau partidetan hasieratik aritu ondoren, irailaren 20an hartu zuen min brasildarrak, Sevillaren aurkako partidan. Granadaren eta Mallorcaren aurkako partidetan jokatu ezinik geratu zen atzelaria, eta Athleticen aurkako derbian itzuli zen zelaietara. Baina 40 minutuz, besterik ez zuen jokatu ahal izan. Itxura guztien arabera, Zaragoza, Getafe, Levante eta Real Madrilen aurkako partidak galduko ditu brasildarrak.

Roversioz gain, Jon Etxaide, Masud Shojaei eta Ricardo Lopez ere min hartuta daude, eta Roland Lamah-k ere ezingo du jokatu etzi Zaragozaren aurka, epaileak txartel gorria atera ziolako derbian. Atzo, gainera, ezker izterra minduta amaitu zuen lan saioa.

Sergio, Mendilibarren alde

Jose Luis Mendilibarrek barkamena eskatu die aste honetan zaleei, jokalariak fitxatuta dirua ematen duenez Osasunak Athletici eskerrak eman beharko lizkiokeela esateagatik. Zalaparta handi samarra sortu dute adierazpen horiek Iruñea aldean, baina Sergio Rodriguez atzelariak giroa lasaitu nahi izan zuen atzo. «Ez dut uste asmo txarrez egin zituenik adierazpen horiek». Mendilibar Osasunara iritsi zenean «zaleak eta taldea batu» zituela gogorarazi zuen espainiarrak. «Denak gustura zeuden berekin».

Bost aste daramatza Osasunak irabazi gabe. «Eta ea Zaragozaren aurka partida ona egin eta konfiantza berreskuratzen dugun». Mendilibar «gogotsu» ikusten duela argitu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.